Udalak Blas de Oteroko kantxarekin erakutsi duen jarrera salatu du Egia Bizirikek
Egia Bizirik auzo elkartea haserre dago udal gobernuarekin. Izan ere, azken honek, Blas de Otero plazako haurrentzako kantxa egun batetik bestera kendu du, elkarteari egitasmo horren berri eman gabe. Hedabideei ez zien ere abisurik eman, baina gaiarengatik galdetuta, udaleko iturriek konfirmatu zuten jolas gunea plazatik kendu eta Rotetara eramango dutela, orain arte izan duen kokalekuan Udal Artxiborako lanak egin behar dituztela argudiatuz.
Pista behin betiko kenduko dutela jakiteak haserrea eragin du auzo elkarteko kideen artean: “Udal gobernuak auzotarrekin izan duen jokabidea onartezina da, eta behin eta berriz errepikatzen da. Ez dute gure parte-hartzea errespetatzen”.
Kantxa hori albiste izan zen iazko udaran ere. Izan ere, udalak iragarri zuen bizilagun batzuen kexen harira jolas gunea kenduko egingo zuela. Erabakiak zalaparta handia sortu zuen, Egiako auzotar ugari kantxa kentzearen aurka zeudelako, eta guraso talde batek pista bere lekuan mantentzearen aldeko sinadura bilketa abiatu zuelako. Azkenean, Egia Bizirik auzo elkartea udalarekin bildu ondoren, kantxa metro batzuk mugitzea eta hesitzea erabaki zuten.
Orain, ordea, pista plazatik kanpo utzi du udalak, antza denez, bertan Udal Artxiborako sarrerak eta irteeran egin behar dituztelako. Egia Bizirikeko kideek, aldiz, kantxa hortik kentzeko saiakera guztiek bestelako arrazoi bati erantzuten diotela uste dute: “Susmoa dugu bestelako indar batzuek eta hor bizi diren bizilagun berezi batzuek eragina izan dutela erabakian”.