Ulian ehiza debekatzeko eskatu du Haritzalde Naturzaleen Elkarteak
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Ehizaren Legeak duen “hutsune bat” aprobetxatu duela salatu du, Ulian ehiza berriz ere baimentzeko. Auzia legala izan daitekeela azaldu du Haritzaldek, baina zentzua ote duen zalantzan jarri du, Uliako “bake giroa” suntsitzen duelako. Izan ere, urtean zehar Ulia jende askok bisitatzen duela azaldu dute naturzaleek, “soilik GR-121 ibilbidean 110.000 pertsonatik gora eta Done Jakue bidean 15.000 pertsonatik gora”. Horientzako guztientzako ehiza “gertuko mehatxu eta egiazko arrisku” bihurtu dela salatu dute, postuak bideetatik hurbil daudelako.
2010ean Donostiako eta Pasaiako Udalek Ulian ehiza debekatzeko proposamena aurkeztu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. 1989ko Donostiako Segurtasun Alderdia zabaldu zuten 2012an Uliako zati donostiarrean, eta 2014an aldundiak Ulia osoan –Donostiako eta Pasaiako zatietan– zabaldu zuen alderdi hori, ehiza ofizialki debekatuz. Auzitegi Nagusiak, ordea, erabaki hori ezeztatu zuen bi aldiz: 2014an eta 2017an. Eusko Legebiltzarraren 2/2011 Ehiza Legearen 27.2 artikuluan oinarrituta hartu zuen erabaki hori auzitegiak, Uliako postuen eta bideen arteko legezko segurtasun distantziak betetzen ez badira ere, legea onartu aurretik ehiza postuen erroldan zeudela argudiatuz. Aldundiak Uliako postuak zerrenda ofizialetik kendu zituen 2018an, ehiza debekatzeko erabakiari eutsiz, baina Auzitegi Nagusiak hori ere ezeztatu du, horrela, ehiza berriz ere baimenduz.
Ehiza Federazioak auzitegietan aldundiari hiru aldiz irabazi diola salatu du Haritzaldek, eta ehizak Ulian lekurik ez duela nabarmendu du: “Segurtasunaz ari garenean ulertezina zaigu hura errolda baten araberakoa izatea. Hainbeste lagun ibiltzen den lekuan zentzugabekeria izateaz gain arriskutsua ere bada. Orain ezbeharrik bada, nortzuk hartuko dute gain ardura? Auzia ebatzi duten epaileek akaso? Politikariek? Legeak hutsunerik badu, Legebiltzarrak lehenbailehen alda dezala, baina Ulian postuek ez dute tokirik. Ulian ehizarik ez!”.