Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak kutsaduraren kontrol independentea finantzatzeko behar zuen dirua bildu du

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM) Zubietako erraustegiaren kutsadura neurtzeko herritarrek abiatu duten ikerketa finantzatzeko dirua lortu du. Zubieta Lantzen plataformak ikerketa independente bat abiatu zuten irailean, eta hura aurrera eraman ahal izateko, EAM-eko kideek crowdfunding kanpaina bat sortu zuten, jendeari ahal zuen neurrian laguntzeko eskaera eginez. Orain, euren buruari ezarritako kopuruak gainditu egin direla jakinarazi dute mugimenduko kideek, guztira 26.384 euro bilduta.
Izandako arrakasta ikusita, mugimenduak esker onak eman dizkie kanpainan parte hartu duten herritarrei, eta lanean jarraitzeko bultzada bat jaso duela azaldu du: “Gipuzkoako herritarren bultzada honek indar berriak ematen dizkigu Errausketaren Aurkako Mugimenduan ari garenoi lanean aurrera egiteko”.
Bildutako diruarekin, erraustegiaren inguruan jasotako laginen konparaketak egin ahalko dituzte datorren urteetan zehar. Lurzoruko edo oiloen arrautzetako kutsadura maila neurtuz. Zubieta Lantzen taldeak Herbehereetako eta Euskal Herriko bi erakunde kontratatu dituzte ikerketa zientifikoa garatzeko. Horietako batek, Toxicowatch fundazioak, egiten ari diren ikerketari buruzko elkarrizketa eskaini zion IRUTXULOKO HITZAri.
Hasiera batean ezarritako kopurutik harago jasotako dirua, berriz, ikerketak aurrera egin ahala sortu diren gastu berriak finantzatzeko erabiliko dute. Esate baterako, ikertzaileek iradoki zuten erraustegiaren inguruko emakumeen bularreko esnearen jarraipena egitearen interesa, eta, horri erantzunez, Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo 39 emakumek euren laginak eskaini zituzten. Lan horiek osatzen duten fasean sortutako gastuak ordaintzeko erabiliko da dirua, eta geratuko dena ikerketaren hurrengo faseetarako gordeko dela azaldu dute mugimenduko kideek.