2020ko Euskaraldiari begira, frogaldi bat egingo dute Intxaurrondon
Joan den azaroan egindako Euskaraldiaren arrakastari tiraka, bigarrenez egingo da 2020an Euskal Herria osoan. Hurrengo ariketan, baina, beste urrats bat egin nahi dutela iragarri dute antolatzaileek: norbanakoek ez ezik, entitateek ere parte hartzea lortu nahi dute. Helburua da hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak jartzea, eta, horrela, eragile horietan euskararen normalizaziorako pauso berri bat ematea. Horretarako, 2020an abian jarriko den metodologia probatuko dute Euskal Herriko hainbat tokitan, esaterako Intxaurrondon.
Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! lelopean, frogaldi gisa funtzionatuko duen ariketa soziala egingo dute, azaroaren 22tik abenduaren 3ra bitartean. Gaur aurkeztu dute udaletxean egitasmoa, eta han izan dira antolakuntzan parte hartu duten norbanako eta eragile ugari. Prestatze lanetan, elkarlanean aritu dira Plazara Goaz Intxaurrondoko Euskara Batzordea, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua.
Intxaurrondon eskarmentua dute euskararen normalizaziorako egitasmoak antolatzen: 2017an Baietz Intxaurrondon 20 egun! egin zuten, eta iazko Euskaraldian ere buru-belarri parte hartu zuten. “Intxaurrondoko auzotarrek ilusio handiz bizi dute erronka berri hau”, adierazi du Tere Briongos Plaza Goaz elkarteko kideak. Era berean, aurtengo probaldian auzotarrez gain, entitateek paper garrantzitsua beteko dute. Hain zuzen, hori izango da 2020ko berrikuntza nagusia.
Ariguneak
Horrela, Intxaurrondoko entitateei euren barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko zaie. Ariguneak euskaraz “lasai eta modu seguruan” aritzeko guneak dira, entitate baten barruan dagoeneko “modu naturalean” eratuta dauden taldeak edo espazioak. Arigune bat sortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da taldeko kide guztiek euskara ulertzea eta gehien-gehienek ariketa egiteko prest egotea. Arigune horiek, beraz, kideen adostasunez osatuko dira eta hor parte hartuko dute ahobizi edo belarriprestek.
Aurkezpenean azaldu dutenaren arabera, bi motako ariguneak sortuko dituzte. Alde batetik, Barne funtzionamenduko guneak egongo dira, eta horiek entitate barruko taldeek osatuko dituzte. Bestetik, kanpo harremanetarako guneak: herritarrekiko harreman espazioak izango dira, herritarrekin osatutakoak. Halaber, entitateetan ez dauden auzotarrek joan den Euskaraldiko figurak errepikatu ahalko dituzte, eta, horretarako, ahobizi eta belarriprest txapak berrerabiliko dituzte. Txapa berriak eskuratu nahi dituztenek Intxaurrondoko bi kultur etxeetan jaso ahalko dituzte, azaroaren 18tik 22ra, 16:00etatik 20:30era.
Aitor Marin Txarako Gizarte Politiketako ordezkariak jakinarazi duenaren arabera, aurtengo ariketan 14 entitatek eman dute izena dagoeneko, eta, orotara, 500 pertsona arituko dira 65 arigunetan: IZBE auzo elkarteak, Jose Ignacio Bengoetxea harategiak, Intxaurrondoko Gizarte Ekintzako zerbitzuguneak, Intxaurrondo kultur etxeak, Larrotxene kultur etxeak, Mons Udal kiroldegiak, Haizalde elkarte gastronomikoak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gizarte politikak, Lauaizeta ikastetxeak, Biharko Gipuzkoa zaharren egoitzak, Intxaurrondo Udal Kiroldegiko igerilekuak, Intxaurrondo Ikastolak, eta Zulo Zahar elkarteak, Intxaurrondo Hegoa IP-k. Txaran, esaterako, erakundeko sail desberdinetako ordezkariek osatu dute talde sustatzailea, eta Marinek azaldu duenez, plantillaren %85ak eman du izena, guztira, 155 langilek.
Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! ariketaren hasiera ekitaldia azaroaren 22an izango da, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean, eta “auzoa girotzeko”, hainbat jarduera eta ikuskizun antolatu dituzte. Abenduaren 3an egingo dute amaiera ekitaldia, Euskararen Nazioarteko Egunean, hain zuzen. Era berean, Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak iragarri du egun horren harira, makina bat jarduera antolatu dituztela auzoetan.