Altzako Historia Mintegiak 'Altzathlon' argazki erakusketa inauguratu du Garberan
Altzan 1914 eta 1985 urteen artean izandako kirol jardueren argazkiak jasotzen ditu Altzathlon erakusketak. Abenduaren 8ra bitarte ikus daiteke Garbera merkataritza zentroan. Altzako Historia Mintegia (AHM) arduratu da erakusketaz, eta iazko arrakasta errepikatu nahi dute.
Erakusketak jasotzen duen argazkirik zaharrena 1914koa dam eta Jolastokietako instalazioak inauguratzeko jokatu zen futbol partida erakusten du. Irudi berriena, berriz, 1985ean hartu zen, eta emakume bat du protagonista; Amelia Lorza. Garai hartan Herrera Kirol Taldeko atleta zen, eta 10.000 eta 5.000 metroko Espainiako txapeldun izandakoa da.
Bestalde, erakusketako bi argazkik lotura zuzena dute Garberarekin. 1976an Lau-Haizetako motokros-proban hartutakoan, Garbera Berri (Bustintxulo) eta Tuniz baserriak ikusten dira, urrunean, orain merkataritza gunea dagoen lursailean. Gainera, beste irudi batean, Herrerako futbol zelaia ikusten da eta, atzean, gaur egun Garbera dena.
Garbera dagoen eremuan egiten ziren kirol guztiak ezagutzeko aukera izango dute erakusketa bisitatzen dutenek. Horrela, futbol, atletismo, herri kirol, errugbi edo arrauneko irudiak ikusi ahal izango dituzte, eta baita Bidebietako kiroldegiaren inaugurazioa ere, hirian zabaldu zen ezaugarri horietako lehenbizikoa. Herreran 1928an egindako kros baten irudia ere ikus daiteke.
Emakume aitzindariak
Altzako Historia Mintegiak eta Garberak irudi askoren protagonistak kirola egiten ari ziren emakumeak izatea nahi izan dute. Horrela, Bidebietako Tiro gune Nazionalean 1926an antolatutako emakumeen tiro lehiaketa erakusten duen argazki bat dago, edo Gazte-Leku eskubaloi eta Los Boscos saskibaloi emakume taldeen 60ko eta 70eko hamarkadetako irudiak, besteak beste.
Erakusketa horren bitartez, AHMk Altzako Tokiko Bildumaren funtsak zabaldu eta ezagutarazi nahi ditu, merkataritza guneak utzitako espazioa baliatuz. Garberak, bere aldetik, komunitateari eta auzoetako elkarteei laguntzen jarraitu nahi du, bertako kultura eta ohiturak zabal ditzaten, haiekin sinergiak sortuz eta elkarrekin lan eginez horrelako ekitaldiak antolatzeko, merkataritza guneko bisitariek bizi duten esperientzia aberasten baitute.
Horregatik, hain zuzen ere, Garberak AHMri lagako dio erakusketa abenduaren 4tik aurrera, inguruko auzoetako hainbat kolektiboren eta kultur etxeren esku jar dezan, Intxaurrondokoaren esku, besteak beste, bertako bizilagunek ere irudi historiko horiez gozatzeko aukera izan dezaten.