Euskararen Nazioarteko Egunaren harira makina bat jarduera antolatu dituzte auzoetan
Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, euskararen erabilerak duen garrantzia nabarmendu nahi dute Donostian. Gaur goizean, Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! egitasmoa aurkeztu dute udaletxean, 2020ko Euskaraldirako frogaldi gisa funtzionatuko duen ariketa soziala. Era berean, aurkezpena baliatu dute hirian Hitzez hitz, ahoz aho lelopean Euskararen Egunaren harira auzoetan antolatu dituzten jardueren berri emateko.
Halaber, jakinarazi dute egun horretan mintzapraktika sutatu nahi dutela, baita Donostian sortu eta garatu diren egitasmoak ezagutzera eman ere: Mintzalaguna, Mintzanet eta Mintzodromoak. Jon Insausti Euskarako zinegotziak adierazi duenez, “ekinbide horietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, bidelagunak batez ere, funtsezkoa baita euskara dakigunok proiektu horietan parte hartzea eta euskara ikasten ari direnei erabilera eremu erosoak eskaintzea”.
Euskararen Egunaren harira, zinegotziak iragarri du auzoetan 200 bat jarduera antolatu dituztela, azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran. Besteak beste, San Telmo Museoan, “doako egitarau erakargarria” antolatu dute (Euskara Ibiltaria erakusketa, kontzertua, Goazen telesaileko aktoreen solasaldia, zinema eskaintza, bertso saio berezi bat, eta abar). Horrez gain, hemezortzi auzotan egitarau oparoak antolatu dituzte azaroaren 23tik abenduaren 3ra.