Marokoko LGTB komunitatearen errealitateari buruzko jardunaldi bat egingo dute Emakumeen Etxean
Asteartean, Marokoko LGTB komunitateari buruzko solasaldia egingo dute Emakumeen Etxean, Jatorkin Al-Nahda elkarteak antolatuta. Genero, sexu, kultura eta erlijio dibertsitateari buruzko jardunaldia izango da, eta Afrikako iparraldeko herrialdean LGTB kolektiboak jasaten dituen eskubide urraketak jorratuko ditu, besteak beste.
Elkartetik azaldu dutenez, “Marokon LGTB komunitatea eta eskubide indibidualaren alde borrokan dabiltzanak askotan zanpatuak izaten dira, ikuspuntu eta bizitza molde tradizionalarekin hausten dutelako. Hori horrela, askotan LGTB kolektiboko ekintzaileak atxilotuak eta bortxatuak izaten dira, eta familiek albo batera uzten dituzte, kalean bizitzera derrigortuz. Eskubide urraketa ugari egoten dira Marokon eta askok asiloa eskatzen dute Euskal Herrian edo Espainian, gertutasun geografikoagatik eta herrialde gayfriendly modura identifikatzen dituztelako”.
Hainbat arlotako adituek hartuko dute hitza jardunaldian, hala nola:
- Ibtissame Betty Lachgar, psikologa klinikoa, giza eskubideetan ekintzailea eta feminista unibertsalista laikoa. MALI-ko kidea.
- Diana Fernandez Saro, sexologoa, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan irakaslea eta terapia sexualean eta bikote arteko terapian aditua.
- Kaoutar Stouti Ahmidouch, bitartekari interkulturala, itzultzaile, interprete eta Madrilgo udaleko zerbitzu sozialetako bitartekari zerbitzuaren koordinatzailea.
- Nessrim El Hachlaf, kazetaria, abokatua, immigrazioan aditua eta KIF KIF LGTBI eskubideen aldeko elkarteko kidea.
- Afaf El Haloui, ekintzaile feminista, antirrazista eta Ahizpatasuna elkarteko kidea (Emakume euskaldun eta marokoarren elkarte soziokulturala).
Saioa 10:00etatik 14etara bitarte egingo dute, eta parte hartzeko beharrezkoa da esteka honetan izena ematea.