Moda jasangarria sustatzeko karpa bat jarri dute Erdialdean
Moda aldatu, zirkulua itxi kanpaina garatzeko karpa bat jarri dute Erdialdeko Urdaneta kalean, herritarrak low cost modaren ondorioen inguruan sentsibilizatzeko eta moda jasangarriaren garrantzia helarazteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emaus Gizarte Taldeak jarri dute karpa, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen harira. Larunbatean ireki zuten, eta igandera arte, hilaren 24ra arte, egongo da, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuaren arabera, moda jasangarriaren garrantzia nabarmentzeaz gain, Gipuzkoako ehungintza eskualdeko ekonomiaren motor bihurtzea du helburu kanpainak.
Bi erakusketa daude ikusgai karpan; modaren arazo eta ondorioei buruzko bat eta ehun-hondakinen kudeaketak dituen aukera zirkularrei buruzko beste bat. Bestalde, askotariko jarduerak egingo dituzte, hala nola, ehun-bilketa bat, non, herritarrek baztertzen duten arropa utzi ahal izango duten, eta etxeetan sortzen den ehun-hondakina sailkatzeko simulazio praktiko bat. Azken horretan, parte-hartzaileei jantzi bat oparituko diete.
Kanpainaren harira, ehungintzaren inguruko hainbat datu eman ditu aldundiak. Alde batetik, Enpresa Jasangarrien Europako Federazioaren Moda zirkularraren defentsa baten alde txostena aipatu du, horren arabera, arropa egiteko erabiltzen diren materialen %73 zabortegietara bidali edo edo errausten baitira. Gainera, jantziak ekoizteko erabiltzen den materialaren %1 baino gutxiago birziklatzen da. Horretaz gain, ehunen ekoizpenak garraioak baino gas emisio handiagoak sortzen ditu, erabiltzen dituzten substantzia arriskutsuek ingurumena, kontsumitzaileak eta arropa egiten duten langileak kaltetzen dituzte eta garbigailuan arropatik askatzen diren plastikozko fibrek ozeanoak kutsatzen dituzte.
Global Fashion Agendaren eta Boston Consulting Groupen 2017ko modaren industriaren pultsua txostena ere aipatu du aldundiak. Horren arabera, ehungintzak 79 mila milioi metro kubiko ur kontsumitzen zituen 2015ean, 1,7 mila milioi tona CO2 isurtzearekin batera. Bestalde, Espainiako Estatuan pertsona bakoitzak 34 janzki kontsumitzen ditu urtean batez beste, eta 12 eta 14 kilo artean zaborretara botatzen ditu.