Ekialdeko barrutia asteazkenean osatuko dute, eta batzarraren osaerak aldaketak izango ditu
Udal hauteskundeak ospatu ondoren eta aurreikusitako prozesua jarraitu eta gero, Ekialdeko Barrutia asteazkenean osatuko dela adierazi du Eneko Goia alkateak. Joan den legealdian bezala, Martin Ibabe zinegotzia izango da barrutiko presidentea, baina alkateak iragarri duenez, bere batzarraren osaerak aldaketa bat izango du.
Orain arteko barrutiaren batzarra hamabost kidek osatu dute. Horietatik, zazpi ordezkari udalarenak ziren, eta beste zortziak, berriz, herritarrek izendatuak. Orain, aldiz, udalarenak bederatzi izango dira, eta herritarrenak, berriz, hamar.
Goiak azaldu duenez, udal gobernuak udaleko alderdi guztien babesarekin proposatuko du aldaketa hurrengo udalbatzan. Izan ere, neurriaren helburua udalbatzaren osaera barrutiaren batzarrean ere errespetatzea da, udal talde guztien ordezkaritza bermatzeko.
Bestalde, udaleko eta ekialdeko ordezkaritzen arteko oreka ez apurtzeko helburuarekin, herritar eta elkarteen ordezkari kopurua hamarrera igotzea erabaki da. Tramitazio guztia egin eta aldaketa gauzatu arte bizpahiru hilabete igaroko direla aurreikusi du Goiak.
Barrutiak hemendik aurrera izango dituen erronkei erreferentzia eginez, alkateak nabarmendu du aurreko legealdia barrutia “martxan jartzeko legealdia” izan zela, eta honakoan, berriz, “barrutia sendotzea eta egonkortzea” bilatuko dela.