Lur-jausi bat izan da Lizarriturrin, metroaren obretatik distantzia gutxira
Antiguako etxebizitzen atzeko mendi magalaren zati bat erori da, arroka eta lur tonekin. Bizilagunek adierazi dute metroaren lanekin duela lotura luiziak. Aldiz, Donostiako Udalak eta Euskal Trenbide Sareak lotura hori baztertu dute.
Lur-jausi bat gertatu da Antiguako Zarautz kaleko Lizarriturri etxeen atzeko mendi magalean. Bizilagunek IRUTXULOKO HITZAri adierazi diotenaren arabera, gauerdian “trumoi hots indartsu bat” entzun dute eta, leihora atera direnean, etxebizitzen kontra eroritako arroka eta lur tonekin egin dute topo. Lurra eraikinaren bi etxabetan sartu da, baina, zorionez, ez da zauriturik egon. Donostiako Udalak jakinarazi du hiru familiako zazpi pertsonei beste ostatu bat eskainiko diete gertuko hoteletan.
Gertakariaren eta eraikin ondoko metroaren obren arteko lotura zuzena egin dute bizilagunek. Iritzi berekoa da Satorralaia bizilagunen mugimendua. Luizia lanek eragin dutela salatu dute ohar baten bidez. Mendi magal horretan zulatu dute Bentaberri geltokiko “leize handia”, eta gertakariarekin lotura duela diote. Era berean, luizi gehiago egon daitezkeela ohartarazi dute eta Zarautz kaleko etxejabeen elkarteak salatu izan duela luiziak gertatzeko arriskua zegoela eremu horretan.
Bestalde, bizilagunek azaldu dute obrak hasi zirenetik menditik jaisten den ur kopurua areagotu egin dela. Hain zuzen ere, erori den hormaren azpiko ubideak gainezka egiten duela jakinarazi diote hainbatetan udalari. Horrez gain, esan dute “aspalditik” jakina zela mendi magalaren egoera “ezegonkorra” zela.
Euriteengatik
Azken egunetako euriteekin lotu dute gertakaria Donostiako Udalak eta Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak –obren arduradunak–. “Lur-jausia metroaren obrek eragin dutela ziurtatzen duen inolako daturik ez dago”, adierazi dute.
Hasiera batean, lur-jausiaren arrazoietako bat gas leherketa bat izan zitekeela adierazi dute bizilagunek, hainbat eztanda entzun eta gas usaia sumatu dutelako. Ordu batzuk beranduago, ordea, gas isurketa hori luiziaren ondorioa izan dela jakinarazi du udalak, eroritako lurrak eta arrokek eraikinaren kanpoaldetik doan gasaren instalazioari eragin diola azalduz. Hainbat langile lanean ari dira lur-jausiaren lekuan, eta udaltzainek etxeen atzealdean dagoen frontoirako sarrera moztu dute.
Fiskaltzaren ikerketa
Gipuzkoako Fiskaltza pasa den hasi zen metroaren igarobidearen lanak ikertzen, Berria egunkariak jakinarazi zuenez. Hain zuzen ere, Satorralaiak jarritako salaketa ontzat jo zuten, eta une honetan bizilagunen elkarteak salaturiko “irregulartasunak” ikertzen ari dira. Zehazki, fiskalak “txosten zehatzak” eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta proiektuaren egileari.
Hans Heydemann alemaniarra aditua da sute arriskuen prebentzioan, eta berak egindako metroaren igarobidearen inguruko txostena aurkeztu zuten Donostiako Auzitegian. IRUTXULOKO HITZAk Heydemann elkarrizketatu zuen, eta haren arabera, metroak ezin du larrialdi irteera bakar bat izan. Proiektuak bakarra aurreikusten du, eta araudia betetzeko hiru behar direla azpimarratu du Heydemannek.