Noria Alderdi Ederrera bueltatuko da gabonetan, planetarium batekin batera
Udalak 735.000 euro gastatuko ditu gabonetako argietan eta azokan. Alderdi erreko noria eta planetariuma izango dira hiriko apaingarri nagusiak, baina beste hainbat atrakzio ere jarriko dituzte.
Iazko gabonetan lehen aldiz jarritako Alderdi Ederreko noria leku berera bueltatuko da aurten ere, eta harekin batera, 8 x 12 metroko tamaina duen planetarium bat jarriko dute udaletxearen terrazan. Bi apaingarri horien eta beste askoren berri eman du gaur Ernesto Gascok, Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, gabonetako azokaren aurkezteko eginiko agerraldian.
Jakinarazi duenez, gabonetako argien aurtengo gastua 415.000 eurokoa izan da, eta azokarena, berriz, 320.000 eurokoa. Guztira, hortaz, 734.000 euro gastatuko dira gabonetako apaingarrietan, baina Gascok azpimarratu du inbertsio hori neurri batean berreskuratuko dela, hainbat babesleren bidez 430.000 euro jasoko direla iragarriz.
Eginiko inbertsioarekin, hurrengo azpiegiturak jarriko dira hiriko kaleetan:
- Royal Bavaria Wheel noria: 50 metroko diametroa duen egitura. 23,5 metroko luzera eta 17 metroko zabalera duen oinarria behar du. Orotara 36 kabina izango ditu, eta bidaia bakoitzean 216 pertsona hartu ditzake. Bidaia bakoitzeko prezioa bost eurokoa izango da, eta astelehenetan bi euroko prezio berezia izango du.
- Planetariuma: 8 x 12 metroko esferaerdi bat izango da, eta Alderdi Ederreko terrazan jarriko dute. Eguberri garaiko argi eta soinu ikuskizunak eskainiko ditu eguneko hainbat unetan.
- Haurrentzako noria txikia Cervantes plazan: 7 metroko garaiera duen haurrentzako atrakzioa. Bidaia bakoitzak 2,5 euroko prezioa izango du, baina euro batekoak izango dira astelehenetan.
- Txillida eta Basterretxea arkuak: Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eta Eduardo Txillidaren Haizearen Orrazia omentzeko, bi eskulturak irudikatzen dituzten argi arkuak fabrikatu dituzte, eta Urbieta kalean ipiniko dira.
- Maria Kristina hotelaren fatxadarako argiak.
- Eguberrietako bola handia: Easo plazan jarriko dute, eta herritarrek zeharkatu ahal izango duten bola ibilgarri bilakatuko da.
- Federico Garcia Lorca plazan, Olentzero eta Mari Domingiri eskainitako eta Donostiarako bereziki diseinatutako atrakzio berri bat instalatuko da.
- San Martin azokako galerian 4D argiak ipiniko dituzte, dimentsioekin efektuak sortzeko.
- Groseko Katalunia plazan txikiek atrakzio berri bat izango dute: Eguberrietako astotxoak.
- Eguberrietako zuhaitz handiak: bata 20 metro garai izango da, eta Okendo plazan instalatuko dute, eta bigarrena, berriz, hamar metro garai izango da eta sorpresa izango den leku batean jarriko dute.
- Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aurreko urteetan diseinatutako elementuak ere instalatuko dira: hiriko zubietako arkuak eta Urumea gaineko kuboak.
- Pinu itxurako zaldiko-maldikoa Santa Catalina plazan ipiniko da berriro ere. Bidaia bakoitzak 2,5 euroko prezioa izango du, baina euro batekoak izango dira astelehenetan.
Gabonetako azokari dagokionez, aurten 51 etxola izango dituela jakinarazi du zinegotziak, iaz baino hamaika gehiago. Urumea pasealekuan eta Santa Catalina plazan ipiniko diren postu horietan, produktu gastronomikoak, apaingarriak, jostailuak, artisautza eta bertako diseinatzaileen produktuak egongo dira salgai.
Azokaren eta argien inaugurazio ekitaldia datorren asteko larunbatean egingo da, 18:00tan, Maria Cristina zubitik botako dituzten su artifizialekin.