Eraso matxistak jasandako emakumeei laguntzeko, koordinazio mahai bat eratzea proposatu du EH Bilduk
Reyes Carrerre EH Bilduko zinegotziak agerraldia egin du gaur udaletxean, eraso matxistak jasandako emakumeei laguntzeko koordinazio mahai bat eratzeko proposamena aurkezteko. Zinegotziak proiektuaren jatorria kokatu du joan den Aste Nagusiko testuinguruan: “Ikusi genuen deskoordinazio handia dagoela indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarduten duten erakundeen artean, erasoen biktima izan diren emakumeen salaketei erantzuteko orduan”.
Abuztuaren 14an, Donostiako Piratek bertan behera utzi zuten egun osoko egitaraua, erasoak kudeatzeko lan-taldeak, Zirgarik, Puntu Morean jasotako salaketa kopuru handiaren ondorioz. Piratek eta hiriko mugimendu feministak manifestazio jendetsua egin zuten egun horretan, eta publikoki adierazi zuten salaketa judiziala jartzen duten biktimak babesik gabe geratzen direla. Carrerek azaldu du hori gertatu eta hurrengo egunetan, erakundeek plazaratutako zenbakiek nahastea eragin zutela, Berdintasun Bulegoak, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Emakumeen Etxeak nork bere erara zenbatu zituelako salaketak. “Koordinaziorik ere ez zegoen erasoa jasan zuten emakumeei babesa emateko eta lagun egiteko zerbitzuei dagokienez”, gaineratu du.
Horrela, EH Bildukoak baieztatu du “argi geratu zela” ez dagoela koordinaziorik erasoak jasandako emakumeei laguntzen eta salaketa sexistak jasotzen modu batera edo bestera aritzen diren erakundeen eta taldeen artean: Emakumeen Etxea, Udaltzaingoa, Berdintasuneko Zinegotzitza, Emakumeen Asanblada, Abokatuen Elkargoa, Psikologoen Elkargoa, Osakidetza, Gizarte Zerbitzuak, eta abar. Era berean, aldarrikatu du udal gobernu taldeari dagokiola koordinazioa bultzatzea, lantzea eta bermatzea.
Erasoak jasan dituzten emakumeek epaitegietara jotzean pairatzen duten “babes gabezia” ere aipatu du Carrerek: “Emakume horien ibilbidea ez da amaitzen Puntu Morean: salaketa judiziala jartzea erabakitzen badute, bide latz eta zail bat egin behar dute polizia etxetik ospitalera eta epaitegira. Baina hor ere ez da amaitzen bidea, erasoaren ondorengo faseari aurre egitea faltako dute eta: nola kudeatu egoera familiarekin eta gizarte zirkuluarekin, nola aurre egin etorkizunean kalean ordu jakin batzuetan ibiltzeari, nola aurre egin etorkizuneko harremanei, eta abar”. Zinegotziak salatu du askotan ez dagoela “bide luze hori” egiteko tresnarik.
“Gure hirian indarkeria sexista errotik atera ahal izateko, ikuspegi integral batetik ekin behar zaio, eta modu batera edo bestera erasoak prebenitzen, biktimari laguntzen eta erreparazioa ematen jarduten duten eragile guztiak inplikatu behar dira”, esan du EH Bildukoak. Era berean, sinergiak sortu eta “denon ahaleginak batzeko beharra” nabarmendu ditu. Kritikatu du “noizean behingo kanpainak” ez direla nahikoak erasoak prebenitzeko, biktimei lagun egiteko eta erreparazioa emateko, eta azaldu du joan den irailaren 16an EH Bildukoek interpelazio bat egin ziotela Duñike Agirrezabalaga Berdintasuneko zinegotzi ordezkariari, eraso sexisten aurkako protokoloa hobetzeko. “Haren erantzunak lausoak eta nahasiak izan ziren, eta premiazkoa da alderdi hori hobetzea”, esan du Carrerek.
Azkenik, azaroaren 25aren harira, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, hilaren 21eko udalbatzarrean EH Bilduk aurkeztuko duen proposamenaren berri eman du:
Donostiako udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari bultza dezala indarkeria matxista prebenitzeko eta ekintzak koordinatzeko diziplina anitzeko mahai iraunkor bat, profesionalek, ordezkari politikoek, talde feministek eta inplikatutako beste erakunde batzuek osatua (Abokatuen Elkargo Ofiziala, Osakidetza, gizarte zerbitzuak, Berdintasun Bulegoa, Emakumeen Etxea, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Donostia Psikologoen Elkargo Ofiziala, Donostiako Asanblada Feminista eta indarkeria matxista prebenitzeko lanean aritzen diren bestelako herri elkarteak).