"Hipotesi guztiak irekita daude Antiguako luiziaren inguruan"
Zarautz kaleko mendi magala egonkortzeko lanean ari da Donostiako Udala, eta hori lortzean erretiratuko dituzte jausitako harriak.
Egunak beharko dira Zarautz kaleko mendi magala egonkortzeko, Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotziak adierazi duenez. Eguraldiaren araberakoa izango da hori.
Une honetan lanean ari dira mendi magala egonkortzeko, eta horretarako sare bat jartzen ari dira. “Lehen helburua da material gehiago ez erortzea menditik, eta hori lortzerakoan kenduko dira harriak eremutik”, azaldu du Ibabek.
Luiziak zer eragin duen aztertzen ari direla gaineratu du: “Hipotesi guztiak irekita daude Antiguako luiziaren inguruan. Teknikariek txosten bat egingo dute gertatu dena azaltzeko. Ahalik eta azkarren izatea nahiko genuke. Dena dela, teknikarien lehentasuna da magala egonkortzea eta materiala erretiratzea.
Hiru familiatako zazpi pertsona hiriko hainbat ostatuetara eraman zituzten. Era berean, udalak Bentaberriko kiroldegia bizilagun kaltetuen eskura jarri du. Izan ere, gas isurketa bat ere gertatu zen, eta horrek bizilagun askoren egunerokoa baldintzatu du. “Oraindik ez dakigu noiz itzuli ahal izango diren euren etxebizitzetara”, esan du Ibabek.