"Hiriko mugimendu feministaren erronka nagusia antolakuntza da"
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxisten Kontrako Egunean, kalera aterako da Juana Aranguren Rica beste ehunka kiderekin batera.
Plazandreok plataforma politikoko kideak indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatuko ditu emakumeentzat, bere bizitzako azken berrogei urteetan egin duen bezala. Abokatua da ofizioz, eta bere lan ildo nagusia izan da emakumeen eskubideen defentsa, familiaren esparruan, zein penalean.
Egun, nekaezin jarraitzen du hiriko mugimendu feministan militatzen, eta berarekin hitz egin dugu luze eta zabal, besteak beste, indarkeria matxisten inguruan, egungo justizia sistema patriarkalari buruz feministak egiten ari diren lanketari buruz, eta Donostiako mugimendu feministaren erronkei buruz.
Elkarrizketa osoa irakurgai egongo da ostiraleko IRUTXULOKO HITZAren astekarian.
Bitartean, hona hemen aurrerapen txiki bat:
Mugimendu feministaren barruan badago zigor sistemaren kontrako joera bat. Zigorrik gabeko justizia bat posible ikusten duzu?
Nik oso zaila ikusten dut. Gauza bat da esatea zuzenbide penalak ez duela konpontzen indarkeria matxistaren arazoa, eta beste bat da erasotzaile batek inolako zigorra ez edukitzea. Utopia feminista batean ez dakit nola izango litzatekeen, agian zentro batzuetara eramango genituzke, eta formakuntza intentsiboak jasoko lituzkete aldatzeko. Baina gure gizartea egituratuta dagoen moduaren arabera, eta beste gizarte mota batean bizi ez garen bitartean, nik uste dut zigor bat egon behar dela. Ezinbestekoa da esatea hori ez dela nahikoa, eta garrantzitsuena prebentzioa dela, hori, noski. Baina norbaitek eraso bat egin badu zigorrik gabe gelditzea ez dut ondo ikusten.
Aurtengo azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, erakunde publikoen “zuriketa morea” nabarmenduko du mugimenduak.
Durangoko jardunaldietan dezente hitz egin genuen horri buruz. Nola agertzen diren politikariak erasoak salatzen, eta nola horrekin aseta gelditzen diren. Mugimenduari ez zaio beste aukerarik gelditzen, presionatzea baino. Presioa egin behar dugu, politikariek argi izan dezaten itxurakeriatan ari direla. Erasoen salaketa publikoa egitea oso ondo dago ekintza sinboliko gisa, baina gero ez badituzte politika publiko feministak egiten, eta ez badute dirua inbertitzen, ez du ezertarako balio.