Hiritar Merezimenduaren dominentzako hautagaiak aurkezteko epea ireki dute
San Sebastian Egunaren bueltan banatzen ditu urtero Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren dominak, hiriko eragile edo pertsona jakin batzuei errekonozimendua eta ikusgarritasuna emateko. Atzo, azaroak 19, ireki zuten 2020ko dominak jasotzeko hautagaiak aurkezteko epea, eta abenduaren 3a arte egongo da zabalik. Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten herritarrek udaletxeko, Easoko, Morlansko edo Altzako Udalinfo zerbitzuko bulegoetara joan beharko dute, han idatzi bat aurkeztuz. Dokumentu horretan, domina jasotzeko erakunde edo norbanakoa proposatu beharko dute, proposamena argudiatuz.
Ancora ondasunaren babeserako elkartea, Elizaran ikastetxea, Eragin kultura elkartea, Hazi eta Ikasi hezkuntza elkartea eta Gaztetxo antzerki taldea izan ziren domina jaso zuten azken eragileak. Urtarrilaren 19an jaso zituzten dominak, udal batzar aretoan.
Urrezko danborra
Bestalde, udalak jakinarazi du astelehenean itxi zutela Urrezko Danborrerako hautagaitzak aurkezteko epea. Azaldu dutenez, 289 pertsona fisiko edo juridikok egin dituzte proposamenak, iaz baino hamasei gehiago. 124 hautagai proposatu dituzte guztira. Hilaren 28tik abenduaren 3ra, udaleko Bozeramaileen Batzordeak proposamen guztien artean hiru aukeratuko ditu. Hautagai horietakoren batek udalbatzaren hiru herenen –gehiengo berezia– lortuko balu, zuzenean Urrezko Danborra eman ahalko liokete. Gehiengo hori lortuko ez balitz, herritarren esku geldituko litzateke saritua hautatzea, izan ere, abenduaren 9tik 15era bozkatzeko aukera izango lukete.