I. Eusko Label Hanburgesaren Astea abiatuko dute ostiralean
Estreinakoz egingo dute aurten Eusko Label Hanburgesaren Astea, ostiraletik, hilaren 22tik, abenduaren 1era. Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzaren Hazi Fundazioak antolatu dute egitasmoa, Lumagorri eta Baserria Km0 haragi enpresen babesarekin. Hamazazpi tabernak hartuko dute parte egitasmoan, eta azaroaren 22tik abenduaren 1era Lumagorriren oilasko hanburgesak eta Baserria Km0 behi hanburgesak izango dituzte euren eskaintzan, beti ere, Eusko Label markarekin. Anoeta herriko Cheyenne’s eta Irungo Altzola tabernak kenduta, gainontzeko taberna parte-hartzaileak Donostiakoak dira: Apitxin, Araeta, Basotxiki, Basotxo, Bidebide (Legazpi kalekoa eta Urbieta kalekoa), Capricho, Chopper, Dakara bi, Garaitza, Iratxo, Labrit, Meson Portaletas, Oquendo eta Pasaleku.
2013an Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Hazi Fundazioak abian jarritako Kalitatea proiektuaren barruan kokatzen da egitasmo hau. “Gure kultura eta identitatearen elementu bereizgarriak” diren eta “aberastasuna eta lana” sortzen duten bi sektore elkartzea du helburu proiektu horrek: “Alde batetik, bere produktuen kalitateagatik ezagunak diren Euskadiko lehen eta bigarren sektorea, bai EuskoLabel eta Euskal Sagardoa bezalako ekoizpen prozesuen egiaztapen sistemen apustu ausartagatik. Beste alde batetik, Ostalaritzak azken 41 urteotan halako bilakaera izan du, gure gastronomia mundu mailako erreferente bihurtu duela eta, zehaztasun gehiagorekin, sektore honetara lotuta dagoen azpisektorea bihurtu du erreferente”.