Mikel Azpirozek bakarkako kontzertua eskainiko du Lugaritz Kultur Etxean
Mikel Azpiroz piano-jotzaile donostiarrak bakarkako kontzertua eskainiko du ostiralean, hilaren 22an, Lugaritz Kultur Etxean. Beste hainbat proiektu baditu ere –Elkano Browning Cream eta Travellin Brothers taldeak, besteak beste–, bakarkako bi disko argitaratu ditu Azpirozek: Gaua (2013) eta Zuri (2016). Bederatzi abesti propio ditu azken diskoak, eta horretan oinarrituta egongo da ostiraleko kontzertua, nahiz eta Gaua diskoko pieza batzuk ere joko dituen donostiarrak. Bluesa dute oinarri bi disko horiek, baina doinu abangoardistenetara heltzen dira. Gaueko giro intimista sortzen du Azpirozek bakarkako kontzertuetan, eta halako giroa izango da ostiralean. 20:00etan izango da kontzertua, eta sarrerek bederatzi euroko prezioa dute.