Amable Ariasen obra, Ekain arte galerian ikusgai
Ostiralean, hilaren 22an, inauguratuko dute Donostiako Ekain arte galerian Amable Arias artistaren omenezko Amable Arias, trazua erakusketa, eta urtarrilaren 20ra arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera, 11:30-13:30 eta 17:00-20:00 ordutegiarekin. Duela hamar urte baino gehiago hasi zuen Maru Rizok, Ariasen emaztea zenak, Ekain arte galeriarekin elkarlana, eta antolatzen duten laugarren erakusketa da jada.
Rita Unzurrunzaga arte galeriako arduradunak azaldu duenez, “abstrakzio bilduma bat” da erakusketa hau, eta Ariasen trazuan jarri nahi izan dute fokua oraingoan, “trazuaren arabera ikertzen zuelako”. Unzurrunzagak nabarmendu du Arias asko dokumentatzen zela bere estudioan, “beti ikertzen” baitzebilen eta, horregatik, bere obrak “beti harritzen” duela. Akuarelazko, tintazko eta oliozko hamabi artelan daude erakusketan ikusgai, gehienak 1962 eta 1967 urteen artean egindakoak, eta gutxi batzuk 1980ko hamarkadakoak. Erakusketan ikusi daiteke Arias trazu zehatzetik trazu difuminatura erraztasunez pasatzen zela, eta askotariko tamainatako obrak egiten zituela, erakusketan dagoen artelan txikiena 30 x 20 zentimetrokoa baita, handiena 130 x 190 zentimetrokoa den bitartean. Bestalde, aipatzekoa da galerian dauden artelan batzuk ez direla inoiz publikoki erakutsiak izan. Gainera, Ariasen autorretratu bat dago galeriaren sarreran, bisitariei ongietorria ematen diena.
Amable Ariasen ibilbidea
1927an Leonen (Espainia) jaio bazen ere, bere familiarekin batera Donostiara etorri zen bizitzera 1942an, eta hirian egin zuen bizitza guztia. Margolari polifazetikoa izan zen, akuarela, tinta eta olioa ukitu baitzituen, besteak beste, eta literatura ere jorratu zuen. Maru Rizorekin ezkondu zen Donostian 1970ean, eta bere ondoan egin zuen bizitza, 1984an hil zen arte.