"Ez da bakarrik poema liburu bat, arte liburu bat ere bada"
Sandro Penna idazle italiarraren poemak euskarara ekarri ditu Iñigo Astizek, eta haren unibertso poetikoa margolan bihurtu du Damaris Pan artistak. Gaur Tobacco Days liburu dendan aurkeztuko dute bien elkarlanaren fruitua: arte liburu zaindu eta landu bat.
Iñigo Astizek desiratu zuen Sandro Pennak idatzitako poema batzuk berak idatziak izatea, baina ja berak idatzita zituenez, bere egiteko zuen modu bakarra zen euskaraz itzultzea. Prozesu luze baten ondoren, argitalpen berezi batean bildu ditu poema batzuk, Damaris Pan margolariaren jantzi artistikoarekin.
Irakurri dut Sandro Pennaren zalea zarela, eta Zarauzko Garoa liburu dendan jada egin zenuela emanaldi bat, han aurkeztu zenituela haren poema batzuk, euskarara itzulita. Nola hasi zen artista liburu hau egiteko proiektua?
Dirdiza moduko bat agertu zitzaidan italiar poesiari eskainitako antologia bat irakurtzen nenbilela. Irakurri nituen poema batzuk, oso ederrak iruditu zitzaizkidanak, eta hor gelditu ziren, erdi-lo bezala-edo, memorian. Handik urte mordoxka batera iritsi zitzaizkidan poema horiek berak beste liburu batean, eta bigarren buelta horretan halako errekonozimendu sentsazio bat izan nuen. Orduan konturatu nintzen urte mordoxka bat lehenago ere Sandro Penna izeneko poeta baten poemek egin zidatela halako hozkada txiki bat, eta ohartu nintzen zeozer egon behar zuela poeta horren atzean, bitan eta hain epe denbora desberdinetan hozkada berdina sentitzeko.
Hasi nintzen irakurtzen sakonago bere obra guztia, eta guztiz konkistatu ninduen bere estiloak: hain gardena, hain erotikoa, beti ospakizun giro batean, beti ospatzen mundua eta desira, eta beti ospatzen edertasun gosea, eta hori guztia egitea kasik pasadako apunte batean egingo balu bezala. Akuarelaz idatzitako poemak dira, esan dezagun. Ikusi, apuntetxo bat hartu, eta hori da poema. Apuntetxo horretan oso gauza interesgarriak biltzen ditu.
Gustatu zitzaidan, desiratu nuen berak idatzitako poema batzuk benetan nik idatziak izatea, baina ja berak idatzita zituenez, nire egiteko nuen modu bakarra zen itzultzea [barrez]. Ez dakit zenbat urte egon naizen poema hauekin bueltaka. Azken ukituak duela bi urte egingo nizkion, eta itzulpena aurretik egin nuen.
Denbora luzea eman duzu proiektu honetan. Nola egin duzu lan?
Poema laburrak dira, txikiak; eta hasi, utzi, berrikusi, utzi, hasi… Horrela ibili naiz. Inork ez duenez ez espero ez behar ez itxaroten inork Sandro Pennaren poemak euskarara itzultzerik, ba, abantaila hori daukat, aritzen ahal naiz nire tenpo bitalean.
Lehen esan dizudan bezala, enbidiatik hasi nintzen idazten. Berak idatzitako poema batzuk iruditzen zaizkit hain onak nahiko nituzkeela nik idatzi, baina berak idatzita dituenez, neukan aukera bakarra zen itzultzea, eta saiatzea berak italieraz lortzen duen gardentasun eta erotismo hori ahal nuen moduan, nire tresnekin, euskarara ekartzea. Nahiko zaila izan da, paradoxikoa dirudien arren, gardentasuna zen itzultzeko gauza zailenetako bat. Estilo markatuago edo kargatuago bat euskarara ekartzea errazagoa da, baina gardentasuna? hizkuntza batean gardena dena dena, nola ekartzen da beste hizkuntza batera garden? Aire kaja bat mugitzea bezala ez? Nola dakizu aire bera mugitzen duzula? [barrez]
Gero eta laburragoak izan, eta gero eta poema txikiagoak izan… gero eta erronka handiagoa?
Hamalau hitzeko poema batean silaba bakoitza hil ala bizikoa da.
Nola iritsi zara liburu eder hau argitaratzera?
Ba, karanbolaz. Horrelako gauzak beti sortzen dira horrela. Nik neraman Pennarekin bueltaka, eta Damaris Panekin, ba, tarteka hitz egiten dut, eta bidaltzen dizkiogu elkarri liburu erreferentziak, edo ikusi ditugun arte erakusketei buruzko oharrak, komentatzen ditugu elkarrekin kultur kontuak. Halako batean, egun batean, hasi zen niri Sandro Pennaren poema batzuk bidaltzen. Nik ez nuen gogoan aipatu nionik itzultzen nenbilenik, eta esan nion: ‘Aizu, Damaris, badakizu Sandro Penna itzulita dudala euskarara, 40 poema edo?’. Eta ez zekien ezer.
Berehala hasi ginen fantaseatzen irudidun liburu bat egiteko ideiarekin. Berari ere asko gustatzen zaiolako Sandro Pennaren unibertso hori, eta bazituelako margolan batzuk lapitzez egindakoak, azkenean liburuan bukatu dutenak. Berak sentitzen zuena Sandro Pennaren poemekin konkordantziarekin zihoazenak-edo, izan zezaketenak espiritu bera atzean, oso momentuaren zaleak, oso gozamenaren aldekoak. Pixkanaka, pentsatu genuen atera genezakeeela. Hitz egin genuen Bilboko Aire galeriako Efi argitaletxearekin, eta azaldu zuen prestutasuna argitaratzeko. Jo genuen Farmazia Beltzakoengana ere bai, badakigulako gustatzen zaizkiela liburu zaindu eta politak, eta horrela, elkarlanean, bi argitaletxeek atera dute liburu hau.
Irizpideren bat jarraitu duzu bilduma egiteko?
Bitxia da. Pennaren poemak, edozein garaikoak izanda ere, pixka bat garaiz kanpokoak dira. Denak dira gutxi gora behera tematika antzekokoak. Erotismoa dute oinarrian, mutikoei buruzkoak dira gehienak, eta Pennak ez zituen argitaratzen orden kronologikoan. Aukeratu ditut gustoko nituenen artean, eta gustuko nituen horien artean egindako itzulpenetan, ederrak gelditu direnak. Baditut gehiago itzulita, baina nahiago nuen gutxiago eta ongi, aho zapore ona uzten duen liburu bat atera, asetzen duen liburu bat ateratzea baino.
Zaila al da Sandro Pennaren liburuak eskuratzea?
Ez da Eugenio Montale, Pier Paolo Pasolini edo Cesare Pavese. Ez da hain ezaguna, baina bada autore kanoniko bat. Irakasten dute eskoletan, Italian, baina orokorrean ez da lehen lerroan kokatzen den poetetako bat, eta, bueno hainbat motibo egon daitezke horretarako, baina bazituen bere garaian ere oso zale sonatuak. Pier Paolo Pasolinik, Eugenio Montalek eta Natalia Ginzburgek aitortzen zuten sekulako poeta zela, eta halere, ez da hain lehen lerroan izan den poeta bat izan.
Ginzburgek badu testu bat, Penna ezagutu zuen egunari buruz eta bere bizitzari buruz oso polita. Esaten du Pennaren zaleak garenok ez dakigula esaten oso ongi zergatik garen haren zaleak, baina horrekin kontrastean, daukagula sekulako ziurtasuna esateko oso poeta ona dela, nahiz eta ez dakigun esaten zergatik. Ez da lehen lerroan kontsideratzen bere poesia, baina ni Eurovisioneko sailkapenetaz ere ez naiz fio [barrez], ni musikaz fio naiz, eta kasu honetan berdin.
Italieraz ere irakur daiteke poemak, jatorrizkoak, liburuaren amaieran. Detaile polita irakurlearentzat.
Detaile polita irakurlearentzat, eta itzultzailearentzako Damoklesen ezpata bat! Hor ikusiko du italieraz dakien edonork, ba, zein lizentzia hartu ditudan eta zein akats egin ditudan, baina bueno, transparentziaren alde gaude, munduko banku guztiak bezala [barrez].
Emaitza ikusi duzunean, zer sentitu duzu?
Iruditu zait amets bat bete ahal izan dugula. Gaur egun ez da ohikoa halako mimo editorialez argitaratzea, eta horrelako jantzi artistikoz ematea argitara. Liburu ilustratuak badaude, badaude komiki liburuak, badaude poema liburuak, baina arte mundua eta poesia mundua hain era nabarmenean uztartzen dituztenak gutxi daude, eta Damarisen margolanak edukitzea da, nire ustez, liburuari kristoren balioa ematen dion gauza bat. Ez da bakarrik poema liburu bat, da arte liburu bat ere bai. Iruditzen zait irakurleak oso kapritxo polita eskura dezakeela oso esfortzu txikia eginda. Oso pozik nago.
Liburua bera oso berezia da, margolanak orrialdeetan bertan egin direla dirudi.
Badirudi orriak pasatzerakoan zikindu egingo zarela. Ez da arkatzez margotu duela eta marraztu dituela figurak. Arkatzari atera dizkio txispak. Damarisen marrazkiak daude hain arkatzez kargatuak batzuetan, eta ikusten duzu bere akatsak eta bere borratzeko ariketak, eta ikusten duzu nola joan den eraikitzen eta deseraikitzen marrazkia aldi berean, eta gelditzen da guzti horren aztarna paperean, eta ukitzen duzunean badirudi benetan originala dela. Damarisen marrazkiek duten berezitasuna hori da nire ustez, ari direla aldi berean eraikitzen eta deseraikitzen. Ikusten duzu arkatzaren trazua, baina era berean ikusten duzu borragomaren ariketa. Eta ikusten duzu borragoma horren gainean egindako arkatza. Eta gero berriz borratuta. Badirudi oso bizi dauden marrazkiak direla. Pasatzen duzu eskua orritik eta ari zara marrazki horren prozesu hori ukitzen, ari zara ikusten bizirik balego bezala, oraindik itxi gabe egongo gabe bezala.
Gaur Donostian aurkeztuko duzue liburua, Tobacco Daysen, 19:00etan. Nolako ekitaldia izango da?
Irakurriko ditugu Pennaren poemak, emango ditugu azalpennak [barrez] eta egongo da musika eta irudia. Alex Gurrutxaga bera pianoan egongo da, eta Damarisen marrazkiak ere erakutsiko ditugu.