'Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan' izango da 2020ko Euskaraldiaren leloa
2020ko Euskaraldia hamabost egunekoa izango da, eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dute. Bere leloa Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da, eta joan den urtean erabilitako Ahobizi eta Belarriprest roletan oinarrituko da berriro ere.
San Telmo Museoko elizak bigarren Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia jaso zuen astearte gauean, euskararen arloan lan egiten duten eragile askoren ordezkarien eta hainbat agintari politikoren presentziarekin. Besteak beste, han izan ziren Eneko Goia alkatea, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria eta Beñat Arrabit EEP-ko lehendakaria.
Ekitaldian zehar, hizkuntzaren erabilera sustatzea helburu duen ariketa soziolinguistikoaren berritasunak ezagutzeko aukera izan zuten. Horietako bat, datorren Euskaraldiko leloarena izan zen, eta beste bat, berriz, Ahobizi eta Belarriprest rolei gehitu zaien Arigunea kontzeptuarena. Arigunea entitateentzat pentsatuta dagoen proposamena da, hala nola, enpresentzat, kirol elkarteentzat eta erakunde publikoentzat, eta euskaraz eroso hitz egiteko aukera emango duten espazioak sortzea du helburu.
Ariguneak bi motatakoak izan daitezke: barne Ariguneak eta kanpo Ariguneak. Lehenengoak, talde itxietan sortuko dira (elkarte gastronomiko bateko junta, esaterako), eta bi baldintza bete beharko ditu: kide guztiek euskara ulertzea eta horietako %80 sorrerarekin ados egotea.
Bigarrenak, berriz, herritarrei zerbitzua eskaintzen dieten erakundeentzako dauden pentsatuak, eta horietan euskaraz hitz egiteko aukera bermatua egongo da. Izan Ahobizi edo Belarriprest modura, kanpo Arigune horren parte diren kideek era kolektiboan egingo dute Euskaraldiaren ariketa.