'Miren eta erromantizismoa' nobelak Saizarbitoria eta Usandizagako ikasleak elkartu ditu
Amara Plaza hotelean hitzordua izan dute Ramon Saizarbitoriak eta Usandizaga institutuko batxilergoko ikasle talde batek gaur goizean. Hain zuzen, idazleak argitaratu duen azken lanari buruz (Miren eta erromantizismoa) hitz egitea izan da topaketaren helburua. Ondoren, idazleak liburua aurkeztu du institutuan bertan ehun bat ikasleren aurrean.
Erein argitaletxeak argitaratu du liburua, euskaraz eta gaztelaniaz, eta izenburuak adierazten duen bezala, Miren da kontakizunaren protagonista, Klara eta Saidekin batera. Pertsonaia nagusiak hiru gazte dira, gaur Saizarbitoriarekin hizketan aritu direnak bezalakoak. Haatik, idazleak aitortu du ez duela “kolektibo zehatz batentzako” idazten, bere buruarentzat baizik, eta baieztatu du ez duela nobela berria gazteentzat idatzi. Solasaldian hainbat gai izan dituzte hizpide, besteak beste, gazteen irakurzaletasuna.
Iñaki Aldekoa editoreak azaldu du ikasleek liburua irakurri eta landu dutela eskolan, eta literatur irakasleen funtzioa nabarmendu du. Saizarbitoriak, halaber, baieztatu du ez dagoela “gazte generoaren” alde, uste duelako gazteek denetik irakurri behar dutela. Liburuan hainbat aipu eta erreferentzia filosofiko txertatu dituela iragarri du idazleak, eta azpimarratu du horren helburua “jakituriarekiko errespetua” irakastea dela. “Niretzat garrantzitsua da gazteek erreferentzia horiekiko interesa izatea, eta espero dut liburua irakurri eta gero horiei buruzko informazioa bilatzeko motibazioa izatea”, esan du idazleak.
Gazteen ikuspegia
Saizarbitoriarekin batera solasaldian izan dira batxilergoko bigarren mailako Maria, Arai, Maddi, Miren, Ibai, Manu eta Alba ikasleak, baita Itziar Gillenea literaturako irakaslea ere. Ikasleek euren iritziak partekatu dituzte, eta azaldu dute nobelak “pentsarazi” egin diela. Gazteen ustez idazleak asmatu egin du Miren protagonistaren irudikapenarekin, baina Klararen pertsonaiarekin kritikoago agertu dira; honela azaldu du Ibaik: “Klara gelako guaya da, eta denak bere atzetik doaz; hori ez zait oso erreala iruditu. Gure adinean bakoitzak baditu bere ideia propioak, eta inor ez doa beste inoren atzetik”.
Saizarbitoriak kontatu du duela bi urte amaitu zuela nobela, baina orain arte argitaratu gabe egon dela. Idazlea Miren eta erromantizismoa idazteko izan zituen motibazioen eta zalantzen inguruan mintzatu da. Liburuak neska nerabe bat du protagonista, eta Saizarbitoriak azaldu du hori izan zaiola gauza batzuk kontatzeko ikuspegi interesgarriena. Halaber, aitortu du duda batek lagun egin diola nobela idatzi bitartean: “Korrekzio politikoa nagusi den garaiotan, gizon edadetu batek eskubidea du neska baten mailatik mundua ikusteko?”. Azkenean, baietz erabaki eta liburua idatzi eta argitaratu du idazleak. “Batzuek esango dute Miren horren atzean ni nagoela, baina uste dut Miren bezalako gazteak ere badaudela, hau da, kulturalki aberatsak diren gazteak”, esan du idazleak.
50 urte bete dira aurten Saizarbitoriak Egunero hasten delako nobela idatzi zuenetik, eta ezer gutxi aurreratu duen arren, idazle donostiarrak iragarri du obra berri bat duela esku artean.