Poliziaren "identifikazio arrazistak" salatzeko, Tabakaleran erreklamazioak jartzeko deia egin du Modaharak
Hirira etorritako gazte migranteekin lan egiten duen Modahara elkarteak hainbatetan salatu izan du Espainiako poliziak Tabakaleran biltzen diren gazteen aurkako sarekada arrazistak egiten dituela. Horren aurka egin eta egoera aldatzen saiatzeko, elkarteak proposamen bat egin die herritarrei: azaroaren 30a baino lehen Tabakalerako informazio puntura joan eta erreklamazio orrietan jokabide arrazistak salatzea.
Modaharako kideek azaldu dute gazteen aurkako sarekada horiek egunero egiten dituztela, inolako justifikaziorik gabe, eta jokabide diskriminatzaile horren kontra ekitea erabaki dute: “Informazio puntuan ahalik eta salaketa gehien jarri behar ditugu jazarpen arrazista honekin bukatzeko”. Euren asmoa da ekintza horren bitartez gaiak Tabakaleraren zuzendaritzan oihartzuna izatea.
Zentroaren erakargarritasuna handia da gazteentzat: wifia dago, mugikorrak kargatu ditzakete, ordutegi zabala du, ordenagailuak daude… eta kaleko hotzetik eta euritik babesteko hirian duten leku bakarrenetarikoa da. Izan ere, gehien bat Marokotik etorritako gazte hauek baldintza lazgarriak jasaten dituzte Donostiara iristen direnetik. Askok kalean igaro behar izaten dituzte gauak, eta egunean zehar ere ez daukate non egon.
Egoera horren aurrean, Tabakalera nolabaiteko gotorleku bat bilakatu zen beraientzat. Denborarekin, ordea, gazte hauek eraikinean zuten presentzia fenomeno deigarria bilakatu zen, eta, Modahararen ustez, horiek bertatik kanporatzeko helburuarekin hasi zen polizia sarekadak egiten. Alegia, Tabakalera “puntu bero” bilakatu dute migranteak direnentzat, han egonda, identifikatuak eta gaizki tratatuak izateko arriskua dutelako, elkartearen arabera.
Gainera, poliziaren jokabide hori hiriko beste hainbat puntutan errepikatzen dela salatu dute, hala nola, autobus eta tren geltokietan, eta Caritasen Intxaurrondoko jantokiaren inguruan.
IRUTXULOKO HITZAk gazte hauek hirian bizi duten errealitateari buruzko erreportajea argitaratu zuen ekainean, eta haietako hiru elkarrizketatu zituen ere, bizi duten egoera lazgarria euren ahoetatik ezagutzeko.