Protesta egin du Kostkasek, Matigoxotegi futbol zelaia berritzeko eskatuz
Denbora asko darama Kostkas futbol taldeak Donostiako Udalari Egiako Matigoxotegi futbol zelaiko belarra aldatzeko eskatzen. Hilaren 9an zelaian protesta bat egin zuten, eta azken egunetan futbol zelaiaren kanpoaldean aldarrikapen pankarta bat jarri dute. Gainera, Kostkas klubeko taldeek minutu bateko protesta egin zuten euren neurketetan.
Gaur, berriz, udaletxe aurrean elkarretaratzea egin dute, hilabeteko udalbatzarra egiten ari ziren bitartean. Matigoxotegi noizko? lelopean egin dute protesta, eta sare sozialetan nabarmendu dute mobilizazioak egiten jarraituko dutela udalak beraien aldarrikapena “kontuan hartu arte”. Era berean, eskerrak eman dizkiete EH Bilduko, Elkarrekin Donostiako eta PPko zinegotziei, aldarrikapenaren berri izateko beraiengana hurbildu izanagatik.
Martuteneko futbol zelaiko belarra berritzeko lanak irailean bukatu zituen udalak. Aurrez, Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak Matigoxotegikoa ere aldatzeko asmoa zutela adierazi zuen. Izan ere, zelaiaren kudeaketaz Kostkas arduratzen bada ere, udal jabetzakoa da. Klubaren arabera, futbol zelai artifizialek “10 eta 12 urte arteko bizitza dute”, eta Matigoxotegikoa 2001ean aldatu zuten azken aldiz.