Beñat Gaztelumendi eta Asier Azpiroz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoan
Azken fasean sartu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta, gelditzen diren bi finalaurrekoetan erabakiko da Ilunbeko finalean nor arituko den bertsotan. Datorren igandeko saioan, azaroaren 24ko finalaurreko saioan, parte hartuko dute Beñat Gaztelumendi eta Asier Azpiroz Azpi donostiarrek. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian izango da, 17:00etan, eta lau bertsolari izango dituzte alboan: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka eta Iñigo Mantzisidor.
Joan den asteburuan egin zuten lehen finalaurrekoa Arrasaten, eta Agin Laburuk lortu zuen finalerako lehen txartela. Igandeko saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera.
Inaxio Usarralde Arantzadi arituko da aurkezle lanetan, eta epaimahaiko kideak honakoak izango dira: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, aldiz, Joxemari Altuna Berridi eta Gorka Segurola Dorronsoro ariko dira.
Datozen bi saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta, aurrez agortzen ez badira, txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira han, 16:00etatik aurrera.