Fusilamenduen tiro eremua
1907tik 1984ra egon zen irekita Bidebietako tiro eremua, eta Espainiako armadaren eskuetan egon zen urte luzez, besteak beste, maniobrak egiteko. 36ko gerrak iraun zuen bitartean, kolpistek hainbat pertsona fusilatzeko erabili zuten.
Kirol erabilera emateko ireki zuen Espainiako Tiro Nazionalaren Donostiako ordezkaritzak Bidebietako tiro eremua 1907an, 32.429 metro karratuko azalerarekin (400 x 90 metro inguru). Txapelketak egiteko erabili zuten eremu hori 1936ko uztailera arte, militar kolpistek bere egin baitzuten gerra hasi zenean.
Ondarretako kartzelatik ateratzen zituzten presoak hainbat lekutan fusilatzen zituzten frankistek, Bidebietako tiro eremuan, besteak beste. Jakina da han hainbat pertsona izan zirela fusilatuak, baina gaur egun ez da existitzen fusilamendu horien zenbaketa osorik. Hala ere, Altzako Historia Mintegiak bildu dituen datuen arabera, hemeretzi exekuzio daude han erregistratuta.
Hilketa horietako bi 1936 eta 1937 urteen artean gertatu ziren, baina gainontzekoak 1938 eta 1939 urteetan izan ziren. Orain arteko datuen arabera, erregistratutako azken fusilamendua 1940an izan zen, Luis Iglesias Ansañorena, hain justu. Errepublikaren garaian Donostian PSOEren zinegotzia zen Iglesias, baita UGT sindikatuko kidea eta Ondarretako espetxeko zuzendaria ere.
Gerra bukatu ondoren, militar frankistek maniobrak egiteko erabili zuten tiro eremua 1962ra arte, nahiz eta 1941etik aurrera tiro txapelketa batzuk ere egin zituzten.
Espainiako Estatuak tiro eremuko 10.000 metro karratu desjabetu zituen 1960an, han La Paz poligonoa eraikitzeko. Ondoren, 1970ean, zonalde guztia bere egin zuen erregimen frankistak. 1983an, ordea, Felipe Gonzalezen gobernuak Eusko Jaurlaritzari eman zion tiro eremuaren ardura, eta Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetan utzi zuen. Azkenik, 1984an itxi eta 1996an bota egin zuten, 1998an egungo Salvador Allende parkea eraikitzeko.