"'Go!azen' nire hasiera izan da, eta oso oroitzapen politak gordeko ditut beti"
Telebista, zinema eta antzerkia ukitu ditu jada Miren Arrieta aktoreak (Parte Zaharra, 1998), eta interpretazioan jarraitzeko eta gehiago ikasteko grina agertzen du. Antzoki Zaharrean dago atzotik igandera arte, ‘Utzi zure mezua seinalearen ondoren’ antzezlanarekin.
Zergatik aukeratu duzu Taba?
Asko etortzen naiz. Gosariak ematen dituzte, zerbait hartzera etor zaitezke, afaltzeko pizzak dituzte… Askotan kuadrillakoekin edo lanekoekin zerbait hartzera joateko nire lehenengo aukera izaten da.
Akerbeltz taberna aipatu zenidan elkarrizketa egiteko, baina Lide Hernandok aukeratu zuen aurretik. Asko ibiltzen zara handik?
Akerbeltzen nire kuadrillako batek egiten du lan, beraz, asko joaten naiz. Ez gara pintxoak ematen dituzten tabernetan ibiltzen, hau da, gauetan Ikatzen ibiltzen gara eta bestela Akerbeltzeko terrazan edo Juantxon afaltzen.
Nola ikusten duzu Parte Zaharra?
Galdera konplexua da. Asko aldatu da nik 6 edo 7 urte nituenetik hona. Auzoko umeok poliziak eta lapurrak izatera jolasten ginen kalean, gurasoek Konstituzio plazan poteatzen zuten bitartean. Ez dakit gaur egun hori egiten jarraitzen den. Prezioak asko igo dira garai hartatik, pintxo tabernak aldatu egin dira, eta auzoa transformazio bat bizitzen ari da.
Zure ibilbide profesionalaz hitz eginez, ‘Go!azen’ telesailarekin egin zinen ezaguna.
Txikitatik izan nahi nuen aktorea. Garai hartan, batxilergoko bigarren maila bukatzen ari nintzen, eta argi neukan Madrilera joan nahi nuela marketinga eta publizitatea ikastera. Antzerki eskolaren batean sartzeko ideia ere baneukan, eta Donostiako Binahi antzerki eskolan sartu nintzen, Madrilera joan baino lehen antzerki pixka bat egiteko. Go!azeneko castinga atera zen, eta kuadrillako batzuek animatuta aurkeztu nintzen.
Nire lehenengo castinga izan zen, eta selektibitateko azterketekin kointziditu zuen. Lehenengo proba selektibitatea baino hilabete lehenago izan zen, eta, azkenekoetan, gogoratzen dut liburutegian ikasten nuen bitartean jakin nuela faseak pasatzen ari nintzela. Hartu nindutela jakitea sorpresa polita izan zen niretzat. Hiru urte izan dira, eta beste ate batzuk ireki dizkit. Go!azen nire hasiera izan da eta oso oroitzapen politak gordeko ditut beti.
Telesailean jarraitzen duzu?
Go!azen kontzeptuak jarraitzen du, baina telesail berri bat da, pertsonaia berriekin eta leku berri batean. Beraz, nire momentu Go!azen zalea bukatu da.
Zinemara saltoa eman zenuen Soinujolearen semea filmarekin. Nola sentitu zinen zinema egiten?
Oso aberasgarria izan zen niretzat. Gainera, kasualitate asko egon ziren bata bestearen atzetik. Castinga egin nuen jakin gabe zuzendaria Fernando Bernues zela, eta nik Fernando betidanik ezagutzen dut auzotik; bere alabak nirekin ikasi zuen Orixe Ikastolan. Gainera, trama David pertsonaiarekin daukat, soinujolearen semearekin, eta galdetu nuenean nork interpretatuko zuen David, jakin nuen Cristian Merchan zela. Kontua da 16 urte nituenean berarekin lan egin nuela kaian zerbitzari gisa. Ni eroso egoteko egoera ezin hobea sortu zen.
Zinema gehiago egin nahi duzu?
Ateratzen bada, bai!
‘Utzi zure mezua seinalearen ondoren’ antzezlana egiten ari zara orain Donostian. Zer moduz doa prestakuntza?
Uztailean hasi ginen entseatzen, eta estreinaldia Bilboko Arriaga Antzokian egin genuen. Niretzat antzerkian lehenengo aldia da, eta oso esperientzia polita izaten ari da niretzat; asko ikasten ari naiz.
Zein da zure pertsonaia antzezlanean?
Lau emakumeren istorioak kontatzen ditu antzezlanak. Lauak hasten dira beraien bizitzan garrantzitsua den pertsona bati erantzungailu automatikoan mezuak uzten, eta ikusten dugu nola joaten diren ateratzen beraien bizitzako momentu ilun horietatik.
Nik Sara interpretatzen dut, gizartearen ikuspuntutik zoriontsu izateko aukera guztiak dituen neska bat. Izan ere, familia dirudun batekoa da, mutila dauka eta ezkondu egingo da, baina nazkatu egin da bere gurasoek bere bizitzarako prestatu duten marko perfektu horretan bizitzeaz. Hutsik sentitzen da, eta bere buruaz beste egiten saiatzen da. Terapeuta bat jartzen diote, bere aitaren lagun baten semea dena, eta kontsultara joateak lotsa ematen dionez, terapeutaren erantzungailuan mezuak uzten ditu. Pixkanaka bere buruarekin adiskidetzen joaten da.
Telebistan, zineman eta antzerkian ibili zara jada, non sentitzen zara erosoago?
Hiruek bere xarma daukate, eta oso desberdinak dira. Telebista izan da gehien egin dudana, baina antzerkiak bat-batekotasun hori dauka, eta airean beste sentsazio bat dago. Telebistan eguneroko lan gehiago egiten da, eta zineman tarte gehiago dago eszena batetik bestera, baina dena landuagoa dago. Beraz, hiruak asko gustatzen zaizkit, eta bat aukeratzekotan ez dakit zein aukeratuko nukeen.
Oso gazte hasi zinen aktore lanetan. Formakuntzan jarraitzen duzu?
Bai, Madrilen marketinga eta publizitatea pixkanaka egiten ari naiz. Izan ere, nire ikasketa nagusiak antzerkiarenak dira orain.
Oraindik ikasteko gauza asko dituzula uste duzu?
Lan egiteko aukerak erakusten dit oraindik ikasteko asko daukadala, eta horrek hutsuneak betetzera animatzen nau.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Euskal aktoreen artean iruditzen zait Aitziber Garmendiak antzerki asko egin duela eta sekulako aktorea dela. Gainera, pertsonalki ezagutzen dut, eta txikitatik ikusi dut bere lana. Meritu asko daukala uste dut. Espainian Penelope Cruz eta Antonio de la Torre ikaragarri gustatzen zaizkit. Eta Hollywoodera bagoaz, Meryl Streep oso gustuko dut.
Dantzan ere aritu izan zarela irakurri dut.
5 edo 6 urte nituenean hasi nintzen Orixen euskal dantza egiten. Gero Kresala dantza eskolan sartu nintzen, eta 10 urterekin jazza, hip hopa eta funkya dantzatzen hasi nintzen. Baina 18 urterekin Madrilera joan nintzenetik ez dut dantzarekin jarraitu. Hala ere, hobby moduan egiten nuen. Egia da dantzak antzerkia egiteko laguntzen duela, gorputza erabiltzeko eran. Gustatuko litzaidake berriz dantza klaseak hartzen hastea.
Gitarra ere jotzen duzu?
Txikitan musika eskolara joaten nintzen, eta 9 urterekin biola jotzen hasi nintzen. Hiru urtez jo nuen biola, eta gero gitarrarekin hasi nintzen, baina 14 urte nituenetik ez dut gehiago jo. Orain, ordea, antzerki obran nire pertsonaiak momenturen batean gitarra jotzen du, eta Iker Lauroba lagunak horrekin lagundu dit. Egia esan, gitarrarekin pixka bat jarraitzeko gogoa sartu zait.
Beraz, diziplina asko ukitu dituzun artista bat zarela esan daiteke.
Gauza asko hasi ditut, baina pixka bat utzita daukat dena. Gaur egun antzerkiarekin jarraitzen dut soilik.
Musika oso garrantzitsua da zure bizitzan?
Erantzuteko oso galdera zaila iruditzen zait, denetarik entzuten dudalako. Esaterako, DBHko laugarren maila Nevadan (AEBak) egin nuen, eta oso herri cowboy batean bizi nintzen. Beraz, country musika asko gustatzen zait. Baina euskal musika ere oso gustuko dut, baita musika komertziala ere.
Beste proiekturen bat daukazu eskuen artean?
Pausoka ekoiztetxearekin lanean egon naiz orain. ETBn Ihesaldia telesaila aterako dute abenduan, eta pertsonaia txiki bat egin dut hor. Beste pare bat gauza ere baditut, baina oraindik ezin dut ezer esan horien inguruan.
Nola ikusten duzu euskarazko antzerkiaren egoera Donostian?
Iruditzen zait euskarazko antzerki dezente dagoela, nahiz eta gehiago egon daitekeen. ETBn, ordea, hutsune bat dagoela uste dut, aspalditik ez baita egon helduentzako euskarazko fikziorik.
Badago bereziki gustatzen zaizun Donostiako aktoreren bat?
Go!azen telesailean txikitatik jarraitu izan ditudan aktore asko ezagutu ditut, eta ez dakit bat bakarra esaten. Baina Ramon Agirre, adibidez, betidanik ezagutzen dut, izebaren eta amaren laguna delako. Lan pilo bat egin du, eta Parte Zaharrean jarraitzen du.
HAMABIETAN BERMUTA: Ardo zuria eta gilda.
Non. Taba taberna. Mandasko Dukearen pasealekua, 46 (Egia).
Prezioa. 3,60 euro.