Groseko Hondarpe auzo elkartea "berriro" mehatxatu dutela salatu dute
Groseko Hondarpe auzo elkarteak “mehatxu berri bat” salatu du. Azaldu dute joan den hilabetean ohar anonimo bat itsatsi zuela norbaitek auzo elkarteak Nafarroa Beherea plazan daukan ohar taulan. Erakusleihoan publikatutako “idatzi politiko guztiak” kendu ezean, “neurriak” hartuko zituztela adierazten zuen oharrak. Era berean, testuak jartzen jarraitu ezkero “dagokion zinegotzigoari” jakinarazpena egingo ziotela gaineratzen zuen.
Aste honetan oharrean jarritako “mehatxua” bete dutela jakinarazi du auzo elkarteak, hain zuzen, margo zuriz estalita agertu dira erakusleihoko hainbat kartel. Hondarpek azaldu du lanean jarraituko dutela, “jarrera totalitario eta faxistek tokia izango ez duten auzoa eraikiz, jendearekin eta jendearentzat, euskaraz eta euskaratik, eta kaletik”. Halaber, iragarri dute aurrerantzean mobilizaziora deituko dutela, “garaia baita halako jarrerak geratzeko”. Auzoko eragileei jakinarazi diete auzo elkarteko ateak “parez pare irekita” dituztela, euren lana egin ahal izateko. “Ez digu inork aginduko zer eta nola egin, guztion artean erabakiko dugu”, gaineratu dute.