Karmengo Andre Mariaren kalearen asfaltatze lanak azaroaren 24an hasiko dituzte
Igandean, azaroaren 24an hasiko dira Egiako Karmengo Andre Mariaren kalea asfaltatzen. Donostiako Udalak jakinarazi du lanak gauez egingo dituztela, eta lau egun iraungo dutela. Asfaltatzearekin amaituko dira azken hilabeteetan kale horretako saneamendu sarea birmoldatzeko egin dituzten lanak. Fresatze eta asfaltatze fase hori Iruresoro eta Karmengo Andre Mariaren kaleetan egingo dute, hau da, obrak egin diren guneetan.
Lanak gauez egingo dituzte, “ibilgailuen zirkulazioari ahalik eta traba gutxien egiteko”. Baimena lau gauekoa izan arren, lehenago bukatzea espero du udalak, asfaltatzeko eguraldia ona bada.
Obraren faseak bi dira: alde batetik, Iruresoro plazaren ingurua, Martin Santos plazako aparkalekuko irteera, Baztanerako sarbidea; bestetik, Karmengo Andre Mariaren kaleko bidea, 25. eta 45. atarien artekoa. Udalak azaldu du gaueko lanak egiten diren bitartean, sartzeko beste aukera batzuk emango zaizkiela ibilgailu inplikatuei, batez ere larrialdietakoei.