Miren Urbieta soprano donostiarrak larunbateko matineean kantatuko du
Javier Perez de Azpeitia pianista nafarrarekin batera, Bellini, Ravel, Verdi edo Pucciniren moduko egileen opera handien zatiak interpretatuko ditu.
Miramongo Matineetako denboraldiaren emanaldi berezienetako bat egingo dute larunbatean, 11:00etan. 1830 eta 1926 bitartean idatzitako hamar operatako zatiak interpretatuko dituzte Miren Urbieta sopranoak eta Javier Perez de Azpeitiak. Emakume heroien azken itxaropen-unearen, azken une zoriontsuaren edo azken otoitzaren ariak entzun ahal izango dira: Belliniren Giuliettarenak , Gounoden Margaritarenak, eta Pucciniren Turandoteko esklaboarenak, adibidez. Musika belkantista, postromantikoa eta verista entzungo da errezitalean, batzuetan tragediaren aurreko zoriona adierazten duena eta beste batzuetan zorigaiztoko amaiera aurreratzen duena.
Sarrera solteak salgai daude 7 euroan Euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean. Miramongo Matineetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakitunaren 18an eta Madril hiribidearen 34an.