Sidney Barnes, Carolyn Crawford, Ruby Andrews eta Chris Clark izango dira Mojo Workin' jaialdiko kartelburuak
Donostiako XI. Mojo Workin’ jaialdia 2020ko martxoaren 12tik 15era egingo dute, eta jaialdian arituko diren lehen taldeak konfirmatzen ari dira jada. Osteguneko (martxoaren 12a) eta igandeko (martxoaren 15a) emanaldiak oraindik ez dituzte iragarri, baina, urteroko legez, AEBetako 1960ko eta 1970eko hamarkadako musika beltzaren lau izar izango dira kartelburuak: Sidney Barnes eta Carolyn Crawford arituko dira ostiralean, martxoaren 13an, eta Ruby Andrews eta Chris Clark larunbatean, martxoaren 14an. Lau artistak The Individuals izenpean elkartutako tokiko musikariez osatutako taldearen laguntzarekin arituko dira.
Bestalde, larunbateko (martxoaren 14a) gaua irekiko duen taldea iragarri berri du jaialdiak: Guadalupe Plata blues-rock taldea. Horrekin batera, jaialdian arituko den DJ-etako bat ere iragarri dute: Alex Subinas. Sarrera solteak oraindik ez daude salgai, bai, ordea, abonamenduak, 42 euroren truke. Jaialdiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean eta Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan erosi daitezke abonamenduak. Gainera, abenduaren 1a baino lehen abonamendua erosten dutenei Melvin Davisek 2014an jaialdian grabatutako single-a oparituko diete.
Hamaika urte beteko ditu 2020an Mojo Workin jaialdiak, eta, urteroko legez, rhythm & blues eta soul musikak izango dira nagusi. Jaialdian ohikoa denez, aipatu artista guztiak 1960ko eta 1970eko hamarkadan egon ziren aktiboan bereziki, AEBetako musika beltzaren urrezko aroan, hain justu. Carolyn Crawford, Chris Clark eta Sidney Barnes Motown diskoetxean lanean ibili ziren garai hartan, azken hori Chess diskoetxean ere aritu zelarik. Ruby Andrews, ordea, Zodiac diskoetxean aritu zen lanean.