Erakunde adierazpen bateratua egin du Donostiako Udalak
Indarkeria Matxisten Kontrako Egunean adierazpen bateratua aurkeztu du Donostiako Udalak. Adierazpena irakurtzeaz arduratu dira Eneko Goia alkatea, Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotzia eta udal talde bakoitzeko ordezkari bana:
Azaroaren 25a emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, indarkeria mota honen egitura izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean.
Emakumeek eskubideak eta askatasunak konkistatzen jarraitzen dute, indarkeria salatzeko beldurra galtzen ari dira, eta antolatu egiten dira, emakume pluralak, askotarikoak, adinekoak, nerabeak, arrazializatuak, lesbianak eta transak, etxeko langileak, autonomoak edo enplegatuak, prekarizatuak, pentsiodunak edo ikasleak, elkartu eta itunak egiten dituzte, ahotsak eta aldarrikapenak anplifikatzen dituen mugimendu feminista batean.
Behin baino gehiagotan erakutsi dute, modu masiboan, antolatzeko duten gaitasuna eta indarra, martxoaren 8ko grebekin, azaroaren 25arekin eta sexu indarkeriazko egoerei emandako erantzun judizialarekin. Berdintasuna lortzeko eta indarkeria matxistak errotik kentzeko agenda feminista berri batekin datoz. Agenda berri bat garai hauetarako, gure errealitate sozioekonomikorako, mundu globalizatu honetarako; agenda berri bat oraingo eta begirada etorkizunean jarrita.
Gizarte gisa dugun konpromisoak berekin dakar ahal den guztia egitea emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko (psikologikoa, fisikoa, instituzionala, ekonomikoa, sexuala), edozein modu eta eremutan gertatzen dela ere (familia, bikotekidea/harremana, lana, gizartea, erakundeak).
Biktimei erreparazioa emateko printzipioak berekin dakar behar diren ekintzak martxan jartzea eskubideak urratu aurretik zegoen egoerara itzul dadin biktima. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da haien bizi baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Era berean, ahalduntze prozesua bultzatu behar da, indarkeria egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.
Tokiko gobernuok gure gain hartzen dugu biktimei arreta emateko alorrean aitortua dugun erantzukizuna eta eskumena, gure herri eta hirietan indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik hurbilen gauden erakundeak garelako. Politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku hartzea funtsezkoa da erreparatzeko prozesuan, komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko, indarkeria matxistaren biktimen eta bertatik bizirik atera diren pertsonen inguru hurbilenean.
Horregatik, gure gain hartu behar dugu ahultasun bereziko egoerei aurre egiteko jarduerak diseinatu eta abian jartzeko betebeharra, eta prebentzioan, babesean, aitorpenean eta erreparazioan oinarritutako begirada feminista eta intersekzional bat ziurtatu, indarkeria matxista jasaten duten emakume guztiei. Biztanleen erdiari giza eskubideak etengabe eta sistematikoki urratzen zaizkionez, ezinbestekoa da biktimen memoriaz, aitorpenaz eta erreparazioaz hitz egitea. Memoria kolektibo bat eraiki behar dugu gure sistema patriarkaletatik eratortzen den emakumeen kontrako indarkeriaren kultura aldatzeko, eta erreparazio kolektibo bat eskaini behar dugu, kontuan izanda bide hori ezin dutela egin biktimek bakarrik; horregatik, herritar guztien betebeharra da, gizarte gisa, haiei lagun egitea eta ziurtatzea ez dituztela berriz biktimizatuko.
Donostiako Udalak konpromiso politikoak betetzeko jardun nahi du, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten lagundu. Horregatik guztiagatik, erakunde adierazpen hau egiten dugu:
1.- Donostiako Udalak hitzematen du biktimen eskubideak jarriko dituela arreta prozesuaren erdigunean, eta haien beharrak eta eskaerak zein diren entzun eta kasu egingo diela.
2.- Donostiako Udalak erreparazioaren ikusmoldetik espezializatuak eta kualifikatuak diren baliabide eta langileak izango ditu, betiere ikuspegi feminista eta zeharkakoa dutenak, biktimak bizi garapen normalizatu bat izateko arreta egokia emateko, erasotzailea kontrolatuz eta inoiz ez emaku-mea berriz biktimizatuz.
3.- Donostiako Udalak ahalegina egingo du arduraz eta azkar jarduteko erreparazioa emateko eta ahalduntzeko esku hartze prozesu guztietan, eta neurriak sustatutako ditu biktimak eta indarkeria matxistatik bizirik atera direnak gogoratzeko, aitortzeko eta erreparazioa emateko.
4.- Donostiako Udala inplikatutako instantzia guztiekin koordinatuko da, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko.
5.- Donostiako Udala lankidetza estuan arituko da hala nahi duten talde feministekin eta tokiko emakume elkarteekin, berdintasun politikak eta ekintzak diseinatzeko, indarkeria matxistaren biktimei eta hortik bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioari dagokionez.
6.- Donostiako Udalak dei egiten die herritar guztiei, modu aktiboan parte har dezaten hirian A25 dela-eta antolatuko diren salaketa eta aldarrikapen ekintzetan.