Erakundeen konpromiso falta salatu dute indarkeria matxistaren aurkako manifestazioan
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsona Donostiako kaleetara atera dira, sexu indarkeriaren aurkako jarrera argia erakutsiz.
Alderdi Ederretik abiatu da manifestazioa, eta Erdialdeko kaleetatik ibili ostean, Bulebarreko kioskoan irakurri dute manifestua. Manifestazioa abiatu aurretik, Eneko Goia alkatearen eta Ernesto Gasco alkateordearen irudiak zituen pankarta bat eskegi dute udaletxeko balkoi batetik, Zuen zuriketari guk autodefentsa feminista mezuarekin.
Erakundeen konpromiso falta salatu dute manifestariek, eta Gizarte Segurantzari, Eusko Jaurlaritzari, Migrazioari, Confebaski, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Justiziari zuzendutako mezuak irakurri dituzte manifestazioa amaitzean. Era berean, Duñike Agirrezabalaga Donostiako Udaleko Berdintasuneko zinegotziak joan den osteguneko udalbatzarrean esandakoa “sinetsi ezinean” daudela nabarmendu dute, mugimendu feministak erasoen aurkako telefonoak jartzea kritikatu baitzuen zinegotziak.
Jarraian, manifestazioa amaitzean irakurri duten manifestua:
Dena esanda dago, bai, eta aspertuta gaude feministak isilaraztera garamatzaten hitz hutsal horiekin. Erakundeei konponbideak, baliabideak eta konpromisoak exijitzen diegunen hitza isilarazi eta zalantzan jartzea da botere guneetan daudenen jarrera nagusia. Ardurak hartzeko ordua da.
Gaur, Indarkeria Matxisten Kontrako Egunean, indarkeria matxistaz lau gizonek eraildako Chantal Monte, Mayie Nervi, Alicia Zubiri eta Baionan eraildako 53 urteko emakumea ekarri nahi ditugu gogora. Inoiz baino ozenago gogoratu eta goraipatu nahi ditugu patriarkatuaren aurka borrokan ari diren pertsona guztiak: emakume pentsiodunak, etxeko langileak, migratuak, putak, indarkeria matxistari aurre egiten diotenak, erresidentzietako langileak, kide transak, eta modu nekaezinean ari diren guztiak. Halaber, ezin ahaztu Bolivian, Ekuadorren, Txilen eta beste hainbat herrialdetan gobernu faxisten altxamenduen aurrean, gorputza jartzen ari diren emakumeak. Ezin aipatu gabe utzi Mexikon eraso sexistak egin dituzten langileak kaleratu arte, UNAM unibertsitatea hartu duten kideak. Gure elkartasuna ere Rojavan borrokan ari diren kide kurdu guztiei, Turkiako inbasioaren aurrean erresistentzia gogorra egiten ari direlako, beste bizi eredu bat posible dela erakusten duten bitartean. Eredu zarete!
Patriarkatuak baditu mila aurpegi, baita hori gauzatzen duten borreroek ere, baina horren aurrean planto egiten dugunok ere milaka gara, gero eta gehiago. Autodefentsa feminista da gure arma indartsuena, eta ahizpatasunez eta elkartasunez josten ditugu gure arteko sareak.
Dena esanda dago, baina dena egiteke dago. Hitza hartu dugu eta guri entzutea eskatzen dugu, gure proposamenak kontuan hartzea, gu garelako indarkeria matxistaren adierazpen desberdinak jasaten ditugunak. Aspalditik ari gara indarkeria horiei izena eta aurpegia jartzen: sinbolikoa, fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, soziala, kulturala… Hamaika aldiz errepikatu dugu ez direla kasu isolatuak: patriarkatuaren, kapitalismoaren, kolonialismoaren, eta beste zapalkuntza askoren arteko aliantzak eragindako indarkeriak direla.
Gizarte segurantza:
Logikoa iruditzen zaizue emakumeen pentsioak gizonenak baino baxuagoak izatea? Emakumeok alarguntza-pentsio baten menpe jarraitzea eta pentsioetan genero arrakala % 44koa izatea? 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu pentsiodun guztientzat. Pentsioa eskubide subjektiboa izatea, ezkonduta egon ala ez.
Bidezkoa iruditzen zaizue etxeko langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzea sistema berezi gisa eta horregatik gainerako langileen eskubide berberak ez edukitzea? Zaintza lanak aitortzea exijitzen dugu, Erregimen Orokorraren parte izatea eta lan eskubide duinak aplikatzea.
Eusko Jaurlaritza:
Ikuspegi feminista duten aurrekontuak eta gizarte politiketan inbertsioa handitzea nahi dugu; eskola-curriculumak derrigorrez hezkidetzakoak eta inklusiboak izan daitezela, ikasgeletan dagoen kulturartekotasuna zeharkakoa izan dadila. Hezkidetza eta berdintasunean heztea ezin da hautazkoa izan, ezinbestekoa da!
Prebentziozko osasun-politikak exijitzen ditugu, gure dibertsitateak kontuan hartuko dituztenak, indarkeria obstetrikorik erabiliko ez dutenak eta abortu libre eta doakoaren eskubidea bermatuko dutenak.
RGIaren (euskaraz DBE, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) zenbatekoa igotzea, onartutako murrizketetan atzera egitea eta egun baztertuta dauden kolektiboei sarbidea erraztea eskatzen dugu.
Migrazioa:
Atzerritartasun legearekin estatu patriarkalak emakume migratuak ametsik eta itxaropenik gabe bizitzera kondenatzen gaitu eta gure lan-eskubideak, sozialak eta ekonomikoak urratzen ditu. Egoera irregularrean egoteak ez du esan nahi gizaki ez garenik eta horregatik beldurraren harresiak apurtu eta gizartearen eraso guztiei aurre egingo diegu. Ez dugu onartuko inolako indarkeria gehiagorik, eta ozen eta argi oihukatzen dugu: Inor ez da ilegala!
Atzerritartasun legea abolitzea exijitzen dugu, guztiok herritartasun eskubidea izan dezagun eta modu duinean mugitu eta bizi gaitezen, harresi fisiko zein legalekin topo egin gabe.
Confebask:
Soldata-arrakala, kristalezko sabaiak eta edozein motatako diskriminazio ekonomikoa ezabatzea eta emakumeak zuzendaritza- eta erabaki-organoetan sartzea exijitzen dugu.
Aldundia:
Normala iruditzen zaizue menpekotasunari aurre egiteko zerbitzu publikoak exijitzen ditugunean miseriazko laguntzak ematea, emakumeok zaintza lanak bakardadean gure gain hartu behar ditugula asumitzen jarraitu dezagun?
Aurrekontu-partida handiagoak eskatzen ditugu menpekotasunari erantzungo dioten politika publikoetan, kalitatezko zerbitzu unibertsal, doako eta publikoekin. Ez dugu laguntza miserablerik nahi zerbitzu duinen truke.
Justizia:
Ez dugu emakumeok biktima babesgabe eta autonomia falta gisa tratatuko digun justiziarik nahi. Ez dugu justizia patriarkalaren eraso bikoitzik nahi. Legeak eta epaileak ere konplize dira!
Justizia feminista eskatzen dugu, emakumeok jasaten ditugun diskriminazio eta indarkeria kontzeptuak behar bezala enfokatzeko eta ezinbestean aldatu behar den fenomeno sozial eta estruktural gisa onartzeko.
Beste behin, jomugan jarri nahi dugu sistema hegemoniko horren mantenuan erakunde publiko zein pribatuek duten ardura. Guk argi daukagu zein den gure borroka, eta zeintzuk diren gure eskubideak, baina botere guneetan daudenek benetako neurri feministak hartu ezean, eta egitura matxistak ezbaian jarri arte, ez gara aske izango. Aste Nagusian egin genuen bezala, gaur ere Donostiako Udalaren jarrera salatu nahi dugu. Emakumeon indarkeriaren kontrako egunaren atarian osteguneko Donostiako Udalbatzarrean entzun behar izan genuena sinetsi ezinean gabiltza. Duñike Agirrezabalaga andereak, Donostiako berdintasun saileko zinegotziak, gure jarduna kritikatu zuen inpunitate osoz eta egiari men egin gabe.
Soberan ditugu neurri integralik eta aurrekontu partida nahikorik gabeko puntu more, isiltasun minutu, gezur eta argazkiak. Ez dugu garbiketa morerik nahi!
Erakunde publikoek indarkeria matxistekin amaitzeko hartu beharreko neurriak hartzen ez dituzten bitartean, guk antolakuntzan jarraituko dugu. Saretzen jarraituko dugu, tresna berriak sortzen eta dauzkagunak lantzen, eta ez dugu zuen baimenik ezta onespenik ere behar horretarako. Donostiako eta Euskal Herriko emakumeok* sare bat dugu eskuen artean, pixkanaka ehuntzen goazena eta egunetik egunera indartsuagoa dena. Gure espazio seguruak eraikitzen jarraituko dugu. Gure arteko elkartasuna eta zaintza bizitzen erdigunean jartzen jarraituko dugu. Autodefentsa feminista praktikatzen segituko dugu. Ez gaituelako poliziak zaintzen, ezta erakundeek ere. Gure ahizpek zaintzen gaituzte!
Dena esanda dago, jarduteko ordua iritsi da, eta gure ahotsa entzunarazteko ordua, feminista antolatuena, irtenbideak eskatzen kaleak okupatzen ditugunona. Ez dugu jarrera atseginik ezta paternalistarik nahi. Konpromiso serioak eta aldaketa erradikalak eskatzen ditugu. Guk, bitartean, gurean jarraituko dugu, nekaezin, elkarren ondoan, besoz beso, mila aurpegirekin zapaltzen gaituen sistema hau dinamitatu arte.
Gora indarkeria matxistarik gabeko bizitzak! Gora borroka feminista!