Iparraldeko kai-muturra konpontzeko lanak hasiko dituzte
Donostiako Udalak iragarri du aste honetan hasiko direla kaiko iparraldeko kai-muturra konpontzeko lanak. Horien helburuak izango dira kaiko itsasartea eratzen duten egituren “egonkortasun globala” bermatzea, eta kai-muturretan izan den higadura prozesua berriz ez gertatzea. Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza da proiektuaren sustatzailea, eta obra 1.592.157, 71 euroan esleituko da; Amenabar SA- Abando Cimentaciones ABEEak egingo du.
Hain zuzen, datozen egunetan hasiko diren lanak, hegoaldeko kai-muturrean zimenduak konpontzeko eta substratuaren higadura konpontzeko egin zen proiektuaren bigarren fasea dira. 2018aren hasieran “arrail kezkagarri bat” agertu zen hegoaldeko kai-muturrean, eta moila horretako zimendua konpontzeko eta sendotzeko obrak “larrialdiko prozeduraren bidez” kontratatu ziren. Joan den apirilaren 30ean amaitu ziren.
Orain hasiko diren obrak direla eta, Iparraldeko moilara ezingo da sartu Gurutze Gorriaren basetik. Hala ere, Kaiarribako sotoak erabiltzen dituzten kirol-klubetako emakidadunek lokaletara sartzeko aukera izango dutela jakinarazi du udalak, “makinak igarotzeko egiten diren mozketa zehatzetan izan ezik”. Hegoaldeko moila instalazio laguntzaileetarako gune gisa erabiliko dute (eraikuntza-materialak, makinak, obra-txabolak…).
Donostiako itsas-sarbideak estugunea izango du, baina zabalik egongo da lanak gauzatzeko epean. Hain zuzen, lanen iraupena sei hilabetekoa izango dela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. Estugunea argizko buien bidez markatuko dute gauez, eta gogorarazi dute kaiko sarreran eta irteeran egiten diren “maniobra guztietan” errespetatu beharko dela.