Realeko zale bati sudurra hautsi zioten Santiago Bernabeu zelaitik atera zenean
El Mundo Deportivo kirol kazetak argitaratu duenez, larunbat gauean Realeko jarraitzaile bati sudurra hautsi zioten Santiago Bernabeu futbol zelaitik atera zenean. “Vascos hijos de puta” eta “etarras de mierda” oihuen artean erasotu zuten. Real Madrilek eta Realak ligako futbol partida jokatu zuten larunbatean.
Zale txuri-urdinak 24 urte ditu eta donostiarra da. Castellana pasealekuko metro sarrerara bidean gertatu zen erasoa. Gaztea lagun batzuekin abiatu zen metrora, eta bidean irainka hasi ziren hainbat. Realeko zaleen atzetik joan ziren, eta konturatzerako muturreko bat eman zioten aurpegian. “Odol putzua ikusi zutenean ospa egin zuten. Ni kolpatzen jarraitu izan balute ez dakit zer gertatu zen”.
Erasoa jasan orduko salaketa jarri zuen Madrilgo komisaldegi batean. “Ez dut uste ezer gertatuko denik kolpatu ninduena ezin izan nuelako identifikatu”, adierazi du. Gertatu zenaren berri du Espainiako Poliziak eta Samur zerbitzuak, eurek artatu eta ospitalera eraman zutelako.