Urteko azken bi bisita gidatuak egingo dituzte Artikutzan
Urteari amaiera emateko bi ibilaldi proposatzen dituzte Artikutza Naturak eta Donostiako Udalak. Alde batetik, “Artikutzaren bistez gozatzeko” ibilbide bat, bisitariak Artikutzaren mendebaldera eramango dituena. Bestetik, maila errazagoko beste bat, Enobietako presari buelta ematen diona. Bietan Artikutzaren historiaren pasarteak eta bitxikeriak azalduko dituzte gidariek.
Duela 100 urte, 1919an, Donostiako Udalak Artikutzako lursaila erosi zuen, hango ura hirira eramateko. Geroztik, urtegi bat baino gehiago izan da, Euskal Herrian hobekien kontserbaturiko lekuetako bat baita. Herritarrek Artikutza “modu berezian” ezagutu ahal izateko, hainbat ibilaldi antolatu dituzte urtean zehar, eta “neurrira” egindako bisita gidatuak ere antolatzen dituzte.
Abenduko bi ibilaldiak Artikutzako sarreratik hasiko dira, hau da, Eskaseko atezaindegiko aparkalekutik, 9:15ean. 6 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute. 6-16 adinekoentzat, aldiz, 2,09 eurokoa izango da, eta 16 urtetik gorakoentzat 3,14 eurokoa. Izen ematea ezinbestekoa izango da, eta artikutzanatura@donostia.eus eta 620 337 875 telefonora deituta egin daiteke (astelehenetik ostegunera, 11:00tatik 16:00tara).
Honakoak dira abenduko bi ibilaldien ezaugarriak:
Abenduak 8, igandea: Ibilbide luzea, Artikutzatik Altuetara
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 12 km
- Desnibela: 437 m
- Zailtasuna: ertaina. Mendian ibiltzeko ohitura izan behar da.
- Deskribapena: ibilbide honetan, Artikutzaren mendebaldeko mugara hurbilduko gara. Bidean zehar, inguruko bistak ikusteaz gain, Artikutzaren historiako bitxikeri batzuk ikusteko aukera izango dugu, haien artean 1815ean Anizlarreak izandako banaketaren mugarriak eta historia aurreko zenbait harrespila. Mendi buelta honetan, Artikutza auzotik abiatuko gara ibaiaren norabidea jarraituz. Artikutza eta Elama ibaiak elkartzen diren puntuan hasten den bidea hartuko dugu, Altuetara igotzeko. Altuetatik Gozaringo burdinolara jaitsiko gara, eta Artikutzaren aspaldiko industria jardueraz jabetu ahal izango gara. Gozarindik, Elama ibaia jarraituz, berriro abiapuntura itzuliko gara.
Abenduak 15, igandea: Ibilbide motza: Artikutzako auzoa eta urtegia
- Hizkuntza: elebitan
- Luzera: 5 km
- Desnibela: 70 m
- Zailtasuna: erraza
- Deskribapena: Dagoeneko hilabete batzuk joan dira urtegia hustu zenetik. Honen eraginez, bizitzak bere bidea hartu du, eta ibaiaren birsortze prozesua ikusteko aukera paregabea eman digu. Hori da gure helburua irteera honetan: urtegi zaharrean barneratzea eta ekosistema berri bat nola sortzen den ikustea. Goiza patxadaz hartuko dugu. Artikutzako auzotik abiatuta, presaraino paseatzeko aukera izango dugu, bidean Artikutzako eraikinak eta hauen historia ezagutuz. Presaren goialdetik urtegiak utzitako hutsunea ikusiz, hau eraikitzearen eta gerora hustearen arrazoiak azalduko ditugu. Interesgarria izango da ere hutsunean hazten ari den landaredia inguruko basoekin alderatzea. Bidea aurrera jarraituz, urtegia izandakoari bira emango diogu, hamaiketakoa eta zenbait azalpen tartekatuz, lasai eta giro onean.