Urumea ibaira zuzenean ur beltzak isuri izana salatu du Eguzkik
Eguzki Talde Ekologistak salatu duenez, Santa Katalina zubiaren ondoan dagoen Frantzia pasealekuko gainezkabidetik ur beltzak zuzenean isuri dituzte Urumea ibaira. Ekologisten arabera, azken bi asteetan egin dituzte isurketak, eta Euskadi plazan egiten ari diren lanekin dute zerikusia. Izan ere, Kolon pasealekuko saneamendurako hodi-biltzaile nagusia berritzea dute helburu lan horiek, eta zubi ondoko gainezkabidean eragina dute.
Hori dela eta, isurketen inguruko informazioa helarazteko eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari. Isurketa kopurua eta horien ezaugarriak emateko, zergatik egin diren azaltzeko eta gehiago egingo diren jakinarazteko eskatu dute.