Xabi Alonso errugabetzat jo dute Ogasunaren aurkako delituen auzian

Xabi Alonso Sanseko entrenatzailea eta Realeko jokalari ohia errugabetzat jo dute Ogasun Publikoaren aurkako iruzur delituen auzian. Alonsori 2010, 2011 eta 2012 urteetan iruzur delituak egin izana leporatzen zion Espainiako Fiskaltzak, eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta lau milioi euroko isuna eskatzen zuen harentzat. Madrilgo Probintzia Auzitegiak, ordea, jokalari ohia absolbitzea erabaki du eta ebazpen berdina izan du bere bi aholkulari fiskalarekin.
Alonsorenarekin batera azaleratu ziren beste kasuetan, hainbat futbolarik akordio bat negoziatu zuten fiskaltzarekin, adostutako zifra bat ordainduta. Alonsok, ordea, ez zuen halakorik onartu eta, bere errugabetasuna defendatuz, epaiketaren bidea jarraitzea erabaki zuen. Orain, epaileak ebatzi du jokalari ohiak eta bere aholkulariek zergak saihesteko eginiko trikimailu fiskalak legediaren barruan egon zirela, eta haietako inor ez da kondenatua izango.