Zinemaldiak herritarren esku jarriko du bere artxibo dokumentala
Abenduaren 7an aurkeztuko dituzte Tabakaleran Zinemaldia 70. Historia posible guztiak ikerketa proiektuaren lehen emaitzak. Zinemaldiaren artxibo bizia sortzea du helburu proiektuak, eta Zinemaldiak berak, Elias Kerejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Tabakalerak sustatu dute, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan eta Espainiako Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesarekin. 2022ko Zinemaldian (70. Zinemaldia) bukatuko da proiektuaren lehen fasea. Proiektuaren lehenengo jarduera urtean, Franco hil ondorengo urteetan (1976-1980) jaialdiak izandako bilakaera aztertu dute Pablo La Parrak koordinatutako zine eskolako zortzi ikaslek, eta hori da abenduaren 7an aurkeztuko dutena.
Aurkezpen ekitaldi horretan, Zinemaldiak 1976. eta 1980. urteen artean izan zituen aldaketak azalduko ditu La Parrak, eta Antonio M. Arenas, Sara Hernandez, Clara Rus eta Neus Sabate proiektuko lantaldeko kideek 1970eko hamarkadan jaialdia demokratizatzeko egindako egitasmoen inguruan hitz egingo dute. Era berean, emakumeek sortutako zinemari buruz 1978an egin zuten zikloa gogoratzeko mahai inguru bat egingo dute, non Vivian Ostrovsky Cine-Femmes International banaketa enpresaren sortzaileak, Cecilia Bartolome zinemagileak eta Ana Ureta Donostiako Emakumeen Batzarreko kideak hartuko duten parte. 1978ko ziklo horretan, Agnes Varda, Vera Chytilova, Pilar Miro eta Mirentxu Loiarte zinemagileak egon ziren, besteak beste.
Mahai inguruaren ondoren, 1977an Urrezko Maskorra irabazi zuen Expediente (Carlos Rodrigueze eta Manuel Coronado) film labur esperimentala proiektatuko dute. Amaitzean, Luis Lopez Carrascok eta Raul Liartek García/García performancea aurkeztuko dute.
Artxiboa
Hilaren 11n hasi ziren Zinemaldiaren artxiboko materialak Filmategiaren egoitzara eramaten. Guztira 926 kaxa dira, eta artxibo orokorra zein jaialdia sortu zenetik 1990eko hamarkadara arte gordetako prentsako material guztia biltzen du. Katalogatze lanetan ari dira orain, eta helburua da 2022ko Zinemaldirako datu base zehatza eta proiektuan garatutako ikerketa ildoetan oinarritutako gai ibilbideak izatea.
Horretaz gain, abenduaren 7tik aurrera artxiboko hainbat eduki eta proiektuko lan batzuk ikusgai egongo dira Zinemaldiaren webgunean. Hain zuzen, Auzo eta Herrien Batzordea izan zenari buruzko materialak jarriko dituzte ikugai; 1977tik 1980ra Zinemaldiaren proiekzioak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako auzo eta udalerrietara eraman zituen egitasmokoak.