'Nola galdu denbora' diskoa argitaratu du Skakeitan talde donostiarrak
Skakeitan talde donostiarrak estilo aldaketaz beteriko Nola galdu denbora diskoa aurkeztu du gaur, Julen Idigoras bateria-jotzailearen arabera taldearen gaur egungo “argazki fidelena”. Plataforma digital guztietan daude disko berriko bi aurkezpen abestiak eta euren bideoklipak, eta Durangoko Azokako Ahotsenean emango dute lehen aurkezpen kontzertua, abenduaren 7an. Era berean, aurkezpen bira bat hasiko dutela azaldu dute.
Idigorasek berak, Peio Armendariz abeslariak eta Borja Anton gitarra-jotzaileak konposatu dituzte disko berriko abestiak, eta, azaldu dutenez, “presiorik eta kanpoko estimulurik gabe” egin dute, zaleei gustukoa dena edo ez dena kontuan izan gabe. Taldekideen arabera, lehenengo urteetako ska doinuetatik urrundu dira, baina ez dira 2017ko Galera Beats diskoko doinu elektronikoetan gelditu. Nola galdu denbora diskoan gitarra, baxu eta bateria doinuak dira nagusi, eta haizeei beste ikuspuntu bat eman diete.
Taldearen ohiko teknikariarekin, Haritz Harregirekin, grabatu dute diskoa, baina Ruben Caballero, Eliot James eta Santos Berrocal ekoizleekin ere lan egin dute. Zazpi abesti ditu donostiarren azken lanak, tartean Tremenda Jauria taldearekin kolaborazio bat, Me Voy kantan.
Diskoaren azala eta estetika Markel Idigorasek, bateria-jotzailearen anaiak, egin ditu. Bideoklipak eta argazkiak, ordea, Bermeoko (Bizkai) Arriguri ekoiztetxeak egin ditu, Bi minutu (denbora galdu gabe) abestiaren bideoklipa izan ezik, taldekideek euren kabuz egin baitute hori.