Udaletxetik Easo kaleko 41 zenbakira aldatu dituzte Udalinforen zerbitzuak
Udaletxean dagoen Udalinforen bulegoa itxi egingo dute behin betiko ostiralean, azaroaren 29an, eta zerbitzua Easo kaleko 41 zenbakiko bulegora eramango dute. “Horrela, hiritarren arreta gune nagusi bilakatuko da Easoko bulegoa”, adierazi du Donostiako Udalak. Udalinfok goizeko eta arratsaldeko ordutegian, udal-tramiteak egiteko zerbitzu integrala eskaintzen du. Egoitza berriak 200 m² izango ditu, hiritarrak artatzeko 12 gune, eta donostiarrei zerbitzu pertsonalizatu bat eskaintzeko “teknologia eta langile gaituak”.
Udal tramite desberdinak egiteaz gain, Easo 41eko bulegoak Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako eta Mugikortasuneko departamenduetako gaien inguruko arreta espezializatua emango duela jakinarazi du udalak. Bere arreta-ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Abenduaren 2tik aurrera, Udaletxeko bulegoetara joaten diren hiritarrek urrian martxan jarri zen autozerbitzu makina bat aurkituko dute. Udalak azaldu du “momentuz” errolda tramiteak bakarrik egin ahal izango dira han. “Laster funtzio berriak gehituko dira”, gaineratu dute.
Udalinfo, Arroka plazan ere bai
Easoko bulegoaren osagarri, egoitza berri bat irekiko du Udalinfok abenduaren 2an, Arroka Plazan. Han herritarren esku egongo dira bost arreta gune, autozerbitzu makina bat eta tramitazio elektronikoko bi gune. Bulego hori tramite elektronikoak bultzatzeko pentsatuta dago.
Aldaketa horiekin, Udalinforen zerbitzua honela geratuko da:
- Easo 41: 12 arreta gune (goizez eta arratsaldez).
- Morlans: 4 arreta gune eta autozerbitzu makina bat.
- Arroka plaza: 5 arreta gune, autozerbitzu makina bat eta tramitazio elektronikorako bi gune.
- Udaletxea: autozerbitzu makina bat.
- Altza: arreta gune bat.
Tramitazio elektronikoaren aldeko apustua
Jarritako lehen autozerbitzu makinekin, eta Arrokako autogestio elektronikoko postuekin, tramitazio elektronikoa bultzatzeko “beste aurrerapauso bat” eman nahi du udalak. Udal-tramite gehienak online egin daitezke dagoeneko www.donostia.eus egoitza elektronikoan. Udalak azaldu du gero eta herritar gehiagok eskatzen dutela B@kQ ziurtagiri digitala, euskal administrazioetako webgunetan identifikazioa eta sinadura elektronikoa bideratzen dituena. Udalinfon hilero 200 B@kQ ziurtagiri tramitatzen dira.