36 ordu delinkuentziaren aurkako brigadarekin
‘Les miserables’
Zuzendaria: Ladj Ly
Urtea: 2019
Herrialdea: Frantzia
Ladj Ly zuzendariaren opera prima, Les Miserables, pantaila handi guztietara iritsi berri da, 2019ko Cannesko Zinemaldian saritua izan ondoren eta 2020ko Oscar Sarietan, hautagai frantziar gisa, parte hartu aurretik. Lehenik eta behin, eta izenburuari erreparatuz, ez gaude Victor Hugoren eleberriaren egokitzapenaren aurrean, zine erradikala eta konpromiso soziala uztartzen dituen proposamen berri baten aurrean baizik.
Thriller baten itxura azpian, frantsesek asmatu duten genero edo izendapen berri bat: periferiako zinea (Le cinema de banlieue). Victor Hugok Frantziako Iraultzari buruzko istorioa kokatu zuen auzo berberean, 93 departamentuko Montfermeil-en, kokatzen da beste hau ere. 150 urte geroago, hori bai. Parisko ekialdeko auzo honetako bizi maila ez da asko hobetu, eta haserrea eta egonezina nagusitu dira hango biztanleen artean. Ezinbestean, auzoko taldeen arteko tentsioak eztanda egiten du istorioa garatzen den 36 orduetan.
Stephan delinkuentziaren aurkako brigada batean hasiko da lanean. Lehen egunean Chris eta Gwadak -brigadako eskarmentu handiko bi kideek- auzoko egoera larria zein den erakutsiko diote: Mafia lokal desberdinen arteko elkarbizitza, fundamentalismo islamiarraren hazkundea, heroina kaleetan eta haurren babesgabetasuna, besteak beste. Egoera kontrolpean mantentzeko modu bakarra poliziaren indarkeria eta ustelkeria dela dirudi…
Hala ote? Stephanek bere sinismen etikoak alde batera utzi eta, bizirauteko, egokitzapen bidea hartzen du. Ly-ren lan hau ikaragarria da estetikaren aldetik ere: Montfermeileko etxebizitzak, grafitiz estalitako hormak eta saskibaloi zelaiak, hiriko azokak, kebab saltokiak, eta abar. Kamerak gertutik erakutsiko dizkigu jazarpen eta ihesaldiak: filmeko pertsonaia batek drone batekin filmatutako benetako irudiekin nahastuko ditu, ikuslea auzo giroan guztiz murgilduz. 2018ko futbol mundialeko ospakizunean filmatutako irudiekin emango dio hasiera filmari, ikusleari Les Miserables gorpuzten duen istorioak, fikzioa bada ere, errealitatea bilatzen duela gogoraraziz.
Ladj Ly-ren bizi-esperientzia osoaren fikziozko bertsioa da hau. Argi dago badakiela zer eta zertaz ari den, plano bakoitzean antzematen da; tentsio handiko filma eta errebindikazioa lortu du. Ly-k zinema gizarte-aldaketarako bide gisa ulertzen du eta duela urtebete zinema-eskola bat sortu zuen, irekia eta doakoa denentzat. Ildo horri jarraituz, Les Miserables filmarekin kontakizuna zinema baino zerbait gehiago dela erakusten digu; konpromisoa eta aktibismo soziala badela ere. Filmaren bidez hainbat hausnarketa mahai gaineratzen ditu, aniztasunaren kudeaketaren ingurukoak: Bizikidetza ezinezkoa al da? Zein da erlijioaren eragina mota honetako ekosistema batean? Ba al dute itxaropenik hango gazteek? Nola amestu beste etorkizun batekin, erreferenterik izan gabe?
Les Miserables-ek gaurkotasunaren erretratu gordina eskaintzen digu. Filma bukatu eta ezin Victor Hugoren hitzak burutik kendu. Zer egin daiteke? Norena ote da erantzukizuna?
«Ez dago belar gaizto edo gizon gaiztorik, kultibadore txarrak besterik ez».
Les miserables, Victor Hugo