Black Friday-a boikoteatzera deitu du Eguzki talde ekologistak
“Ingurumenaren alde lan egiten duten eta planetaren etorkizunarekin kezkatuta dauden pertsonei” bihar egingo den Black Friday-a boikoteatzeko deia egin die Eguzki talde ekologistak: “Kanpaina kontsumista erasokor honekin lotutako inolako erosketarik ez egitera deitzen diegu, baita boikotaren mezua senide, lagun eta lankideen artean zabaltzera ere”.
Taldeak salatu du “kanpaina kapitalista” horren helburu bakarra “gehiago saltzea” dela, ingurumenean duen eragina kontuan izan gabe. Izan ere, Eguzkiren arabera, Black Friday-arekin behar ez diren gauza eta zerbitzu gehiago kontsumitzen dira, ibilgailuen zirkulazioa eta pakete-banaketa areagotzen dira, hondakin gehiago sortzen dira, gaizki ordaindutako lanpostuak eta autonomo faltsuak ugaltzen dira, kultura globalizatzailea indartzen da eta saltoki txikiak desagertu egiten dira.
Horregatik, Black Friday kanpainarekin zerikusia duten produktuak ez kontsumitzeko eskatu du talde ekologistak, eta “nora eraman nahi gaituzten pentsatzeko” une bat hartzea proposatzen dute.