Donostiarren %75ak uste du klima aldaketari duen garrantzia baino gutxiago ematen zaiola
Cristina Enea Fundazioak donostiarrek klima aldaketaren eta bere ondorioen inguruan pentsatzen dutenari buruzko ikerketa bat argitaratu du. Txostenean, besteak beste, azaleratzen da donostiarren %94ak klima aldaketa ukaezina dela uste duela, eta baita hiritarren hiru laurdenek arazoari behar duen garrantzia ematen ez zaiola pentsatzen dutela ere.
Donostiarrek Klima Aldaketaren inguruan duten pertzepzio sozialaren inguruko ikerketa eskuragarri dago interneten, eta nabarmentzeko moduko hainbat datu biltzen ditu. Ikerketa osatzeko, fundazioak guztira 378 inkesta egin ditu, hiriko auzo guztietan, eta auzo bakoitzeko bizilagun kopuruaren arteko proportzionaltasunari eutsiz.
Datuekin jarraituz, 1etik 10era doan garrantziaren balorazio-eskalan, donostiarrek 7,7-ko batez-besteko garrantzia ematen diote klima aldaketari, eta, herritarren %80aren ustez, gizakiaren jarduna da fenomeno horen eragile nagusia. Bildutako informazioak erakusten du donostiarrek gaiarekiko duten kezkak gora egin duela azken urteetan. Izan ere, 2012an, soilik herritarren %80 zegoen kezkatuta klima aldaketagatik, %18ak ukatu egiten zuen bitartean.