Emakumeek bake prozesuetan duten papera izango dute hizpide Emakumeen Etxean
Mugarik Gabe GKE-ak antolatuta, Bakea Eraikitzen duten Emakumeak: indarkeriak, kontakizunak eta ezberdintasunak mahai-ingurua egingo dute gaur. Emakumeen Etxean izango da, 18:30ean, eta helburua da bakearen eraikuntzan emakumeen ikusezintasuna, kontakizun propioak eta ezberdintasun sozialak gatazka armatu askoren oinarri gisa aztertzea.
Kolonbiako eta Euskal Herriko esperientzietatik abiatuz, gatazka armatuetan bakearen eraikuntzarako emakumeek hartzen duten tokiaz, eta justizia feministarako bidean, egi eta erreparazio eskubideen praktika errealerako estrategiak elkarbanatuko dituzte. Horretarako, bakegintza prozesuetan adituak diren gonbidatuak izango dituzte. Hain zuzen, Kolonbiako Angelica Naranjo eta Roseli Finscue izango dira hizlariak, baita Euskal Herriko Justizia Feministako Mintegiko kide bat ere.
Angelica Naranjo Corporacion para la Vida Mujeres que Crean taldeko Emakumeen Eskubideen Programako Koordinatzailea da. Elkarte horrek, besteak beste, demokrazian, “hiritartasun osoan”, “Ongi Bizitzearen ikuspegiaren garapenean” eta “bizitzaren jasangarritasunean” aurrera egiteko emakumeen giza eskubideen urraketak ikusgai egiten ditu.
Roseli Finscue, aldiz, Consejo Regional Indigena del Cauca (CRIC)taldeko kidea da, eta Emakume Programako Koordinazioaren arduraduna da. CRIC elkartearen funtzioa da nekazaritza erreformaren, meatzaritzaren, ingurunearen eta naturaren zein arbasoen lurralde autonomoen eta sistema ekonomiko propioen indartzeen bitartez, komunitateei laguntza eskaintzea.
“Bakea gatazka armatuetatik harago doa, emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea barnean baitu. Eta hau ez da gatazka armatuaren etetearekin konpontzen. Justizia feministaren ikuspegitik, memoria eta erreparazioaz hitz egiten dugunean, gatazkaren markotik kanpo kokatzen diren bestelako indarkeriak (matxistak) ere jorratzen ditugu”, azaldu du Mugarik Gabek, mahai-inguruaren harira.