Euskal presoen dispertsioa salatzeko elkarretaratzea egin dute

Euskal preso batzuen senideen bi istripu egon ziren asteburuan, eta, hori dela eta, Etxerat Elkarteak deitutako elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxe aurrean, presoen dispertsio politikarekin bukatzeko aldarrikatuz.
Izan ere, ostiralean auto istripua izan zuten Ainhoa Mujika eta Jon Olarra preso donostiarren lagunek N-1 errepidean, euria dela eta, Madrilera iristeko 75 kilometro falta zitzaizkienean. Granadako Albolote espetxean daude Mujika eta Olarra, eta istripua izan bazuten ere, bidea jarraitzea lortu zuten presoen lagunek. Asteburuko beste istripua larunbatean izan zen, eta Asturiasko Villabona kartzelan dagoen Olga Comes iruindarraren bi senidek –horietako bat adin txikikoa– izan zuten. Altuben (Araba) izan zen istripua, senideen furgoneta kurba batean errepidetik atera ostean.
Era berean, Etxeratek gogoratu du azken bi istripu horiekin zortzi direla 2019an euskal presoen senideek izandako istripuak, eta azken 30 urteetan “1.000 zauritu inguru eta 16 hildako” egon direla horrelako istripuetan.