'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala estreinatuko dute Antzoki Zaharrean
Bertha Gaztelumendik zuzendu du Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala, eta abenduaren 12an, ostegunean, estreinatuko dute Antzoki Zaharrean. Filmak Gladys del Estal militante ekologistaren heriotza du abiapuntu gisa, eta gaztearen heriotzaren aurreko eta ondorengo gertakariak jaso ditu. Era berean, “garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu du”, sortzaileek azaldu dutenez. Sabino Ormazabal donostiarrak egin ditu gidoilari lanak, Del Estalen militantzia kidea izandakoak, hain zuzen. Dokumentalaren emanaldia 19:30ean izango da, eta gonbidapenarekin egongo da sartzeko aukera.
Estreinaldi ofiziala Donostian izango den arren, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, ZINEBIn, dokumentala aurkeztu zuten joan den azaroaren 12an, Bertoko Begiradak sailean. Han izan ziren Gaztelumendi, Ormazabal, eta Silvia Mendibil lanaren ekoizlea. Era berean, abenduaren 8an, aurrestreinaldia egingo dute Durangoko Azokan; Irudienean izango da, 13:30ean.
Hona hemen dokumentalaren sinopsia: “80eko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Film honek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du”.