Oreka TX taldeak 'Koklea' diskoa argitaratu du
Oreka TX txalaparta taldeak bere laugarren diskoa aurkeztu du Tabakaleran: Koklea. Egurra, harria eta banbuaren moduko material naturaletan oinarritu dira diskoa egiteko, eta taldeak azken urteetan egin duen lanaren eta musika ikerkuntzaren emaitza da. Harkaitz Martinezek eta Mikel Ugartek jotzen dute txalaparta taldean, eta Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juanjo Otxandorena dira gainontzeko musikariak.
Oinarri instrumentaleko hamalau abestik osatzen dute diskoa, eta hainbat abeslarik hartu dute parte: Thierry Biscary (Euskal Herria), Aziza Brahim (Mendebaldeko Sahara), Monica de Nut (Galizia), San Salvador (Okzitania) eta Emi Toko (Japonia). Oh Brother estudioan grabatu dute, eta Musik’art Proyect estudioetan nahastu eta masterizatu. Txalapart ekoiztetxearekin argitaratu dute Koklea, eta Durangoko Azokan izango duten postuan erosi ahal izango da. Era berean, kontzertua eskainiko dute Ahotsenean, abenduaren 5ean, 16:20ean. Ondoren, kontzertu bira hasiko dute Euskal Herritik.