Anoetak gipuzkoarren arteko derbia jasoko du larunbatean
Eibarrek eta Realak Gipuzkoako hiru puntuak jokatuko dituzte larunbatean Anoetan. Donostiarrak bi jardunaldiren ostean garaipen bat lortzeko gogoz iritsiko dira neurketara, azken asteetan jasotako emaitzak ez baitira onak izan, erakutsitako jokoa itxaropentsua izan den arren. Eibartarrak, berriz, egoera zailago batean helduko dira hamabosgarren jardunaldira, sailkapeneko jaitsiera postutik gertu, eta hiriburutik hiru puntu ateratzea arnasaldi galanta izango litzateke haientzat. Lehia eta ikuskizuna ziurtatuta egongo dira, hortaz, Gipuzkoako derbian.
Realeko neskak, euren partetik, Rayo Vallecanoren aurka neurtuko dira igandean Zubietan, sailkapenean alboz albo duten aurkariari aurrea hartzeko asmoz.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek lehiakide zaila bisitatuko du asteburuan, baina donostiarrak garaipenaren bila joango dira hala ere, sailkapeneko azken postuetatik ihes egiteko beharrezkoa dutelako.
Izotz hockeyan, berriz, Txuri Urdinen bi taldeak joan den asteko emaitza onei jarraitutasuna ematen ahaleginduko dira. Neskek etxean jokatuko dute, Jakaren kontra, eta mutilek, berriz, Kataluniara bidaiatuko dute Bartzelonaren aurka neurtzeko.
Hockeyan, azkenik, Realak Terrasa bisitatuko du, ligako lehen garaipena lortzeko helburuarekin.
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Reala – Rayo Vallecano (Igandea, 18:30)
Gizonezkoen lehen maila, 15. jardunaldia
- Reala – Eibar (Larunbata, 16:00)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Cadi La Seu – Ibaeta Basket (Larunbata, 20:00)
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen senior maila, 10. jardunaldia
- Txuri Urdin – Jaka (Larunbata, 21:45)
Gizonezkoen senior maila, 11. jardunaldia
- Bartzelona – Txuri Urdin (Larunbata, 21:30)
HOCKEYA
Emakumezkoen Ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Terrasa – Reala (Igandea, 13:00)