Antiguako luiziaren inguruko aurre-txostena ez dela sinesgarria dio Satorralaiak
Metroaren lanek hormaren zati baten erorketarekin lotura dutela berretsi dute, eta hiru arrazoi eman dituzte.
Eneko Goia alkateak Antiguako lur-jausiaren inguruko azalpenak eman zituen asteazkenean, ezohiko batzorde batean. Zehazki, Hirigintza sailak egindako aurre-txostena aurkeztu zuen. Satorralaia bizilagunen mugimenduaren ustez, “sinesgarritasunik gabekoa” da txosten hori.
“Metroaren obrak Zarautz kaleko lur-jausiarekin zerikusia duela baieztatzeko datuak daude”, azpimarratu dute. “Jakina denez, bertan behera erori den hormak 100 urtetik gora du, eta metroaren lanak egin arte ez da hor inoiz antzeko beste gertakaririk ezagutu”.
Metroaren lanek hormaren zati baten erorketarekin lotura dutela berretsi dute, eta hiru arrazoi eman dituzte. “Bizilagunek azaldu dute metroaren lanak hasi zirenetik lehen baino ur kopuru handiagoa jaisten dela mendi magaletik. Horrek erakusten du metroaren lanek kalteturiko lur eremuan berezko ur-isurketak aldarazi dituztela, hormaren atzean areagotu den ur-kopuruaren bultzadaz murruak eman duen arte”.
Era berean, metroaren obrako indusketa-lanen bibrazioen ondorioz euspen-hormaren atzeko lurren egoera aldarazi eta mendi magalaren ezegonkortasuna “larriagotu” ahal izan dela diote. “Bibrazio horiek euspen-hormaren ahultzea ere eragin ahal izan dute bestalde, kontuan izanik harrizko horma hori ez dela hormigoizkoa bezain erresistentea”.
Satorralaiak gaineratu du “onartezina” dela Euskal Trenbide Sareak eta Donostiako Udalak esatea lur-jausiak metroaren lanekin loturarik ez duela.