Arrazakeriaren aurkako protesta egingo du Realak larunbatean
(Argazkia: Reala) Arrazakeriaren aurkako pankarta erraldoia zabalduko du Realak larunbatean Anoetan, Eibarren kontrako neurketan. Duela bi aste Errumania eta Suediaren arteko partidan gertatutakoaren harira egingo du protesta klub txuri-urdinak, harmailetatik irain arrazistak bota baitzizkioten orduan Alexander Isak Realeko jokalari suediarrari. Gertakaria gaitzetsi zuen orduan klubak, eta “gizarte osasuntsuagoa eta errespetuzkoa konbentzimendu irmoarekin” zabalduko dute partidaren aurretik 20×30 metroko pankarta. Era berean, arrazakeriaren aurkako konpromiso argia azaldu dute txuri-urdinek: “Gero eta pluralagoa den gizartean eta gero eta unibertsalagoa eta inklusiboa den kirol munduan, ez dago lekurik iraganeko jarrerei. Egin dezagun denon artean mundu hobea”.


